Goierriko Pentsiodunek emakumeen "miseriazko pentsioetan" jarri dute arreta gaurko elkarretaratzean
Martxoaren 8aren bat eginda, emakumezkoek heldu diote pankartari Lazkaon egindako bilkuran. Milaka emakume "gaizki" bizi direla ohartarazi dute, eta pandemiak okertu egin diela egoera.
Goierriko Pentsiodunek, astelehenetako hileko elkarretaratzea Lazkaon egin dute, gaur goizean. Martxoaren 8a izanda, emakumezko pentsiodunengan jarri dute arreta berezia gaur. Bai pankartari eusten, bai bilkura bukatzeko idatzia irakurtzen, emakumeak aritu dira.
Aldarrikapen orokorrarekin bat eginik, pentsiodunek ere eskubide desberdintasuna eta lan munduko arrakala jasan dituztela gogoratu dute. Hauts haietatik, lohi hauek; eta pentsioetan bereziki nabarmentzen dute askok: “Adineko emakumeek eta emakume pentsiodunek laneko diskriminazioaren, prekarietatearen, zainketen feminizazioaren eta bizitzari eusteko zereginen ondorioak jasaten jarraitzen dugu.
Milaka emakume pentsiodun “gaizki bizitzen” ari dira, “miseriazko pentsioak” dituztelako. “Pentsioek ez dute beren erosteko ahalmena berreskuratzen hazkunde errakitikoekin, eta ez dugu ikusten %37 genero- arrakala desagerrarazi nahi duen neurririk. Pairatzen ari garen osasun-pandemiak areagotu egin ditu desberdintasun horiek”.
Lan-denbora murrizteko eta banatzeko politikak eskatu dituzte, lana eta bizitza soziala uztartzeko eta erantzunkidetasun eraginkorra izateko politika feministak, genero-ikuspegia duten enplegu-politikak eta etxeko langileen gizarte-segurantzako araubidea araubide orokorrarekin erabat parekatzea.
Eskariak:
1. Gutxienez 1.080 euroko pentsioa, hamalau ordainsaritan.
2. Pentsioetan %37ko genero-arrakala ezabatzea.
3. Familiak eta etxeak zaintzeko eta mantentzeko lanaren aitorpen sozial eta ekonomikoa.
4. Ordaindu gabeko lanari buruzko eztabaida eskatzen dugu, beti emakumeek egina eta askotan arrazista.
5. Alarguntza-pentsioa bat etortzea kotizatzailearen ezkonkideak adin-mugarik gabe kobratutakoaren %100arekin.
Bukatzeko, indarkeria eta pandemiaren ondorio txarrenak jasan dituztenak gogoratu dituzte. “Martxoaren 8 hau ez dugu alde batera utzi nahi, gure lurraldeko eta gure lurretatik kanpoko emakume guztiekin solidarizatu gabe, edozein motatako indarkeria eta lan eta bizi baldintza miserableak jasaten ari diren emakumeekin, bai eta, askatasunik gabe dauden emakume guztiekin. Era berean, indarkeria matxistak, estatuan aurtengo urtean dagoeneko, eraildako 12 emakumeak gogoratu nahi ditugu. Berdin, askotan egoera tamalgarrian, adinekoen egoitzetan hil direnak eta beraien senideak ere gogoratu nahi ditugu, gaur ere”.
Hurrengo elkarretaratzea Ordizian egingo dute.