COVID-19aren baheketa masiboan parte hartzeko deia egin du Legorretako alkateak
40 eta 80 urte bitarteko herritarrak daude proba egitera deituta. Legorretako Harripila kiroldegian egingo dute, 15:30etik aurrera. Oraindik txanda hartu ez dutenek 943 65 32 12 telefono zenbakira deitu dezakete.
Gaur arratsaldean egingo dute COVID-19 kasuak atzemateko baheketa masiboa Legorretan. 15:30etik aurrera egingo dituzte probak, Harripila kiroldegian. Zelai Amenabarro alkateak azken deia egin nahi izan die oraindik txanda hartu ez duten herritarrei. Proba egitea boluntarioa da eta ez da berrogealdia egin beharko.
Amenabarrok esan duenez, astelehen arratsaldean deialdia egin eta astearte eguerdirako, proba egitera deituta dauden 40 eta 80 urte bitarteko 800 herritarren “%50ak ordua hartuta” zuela. Gehitu du Osakidetza bera ere “harrituta” dagoela, izan ere, “horrelako proba masiboak egin izan diren herrietan, %40-50ak parte hartzen duelako”. Legorretan, goiz batean lortu dute kopuru horrek izena ematea, eta horregatik “pozik” agertu da alkatea. Horri lotuta esan du,pProbak egitera gerturatuko diren herritarren kopuru osoa gaur arratsaldean jakingo dela, baina bitartean, oraindik txandarik hartu ez dutenei mezua bidali nahi izan die: “Baheketa masiboan parte hartzera animatu nahi izan ditut oraindik ordua hartu ez duten haiek, hala herriaren argazkia ikusiko dugulako”. Txanda hartu nahi dutenek, 943 65 32 12 telefono zenbakira deitu behar dute.