Deituta zeuden herritarren erdiak baino gehiagok parte hartuko du baheketa masiboan
Arratsalde osoan zehar egingo dituzte probak Legorretako Harripila kiroldegian. Zelai Amenabarro alkateak adierazi du "orain emaitzak zer esan zain" dagoela, "aurrera begira zein neurri hartu erabakitzeko".
Legorretako Harripileta kiroldegian jende hilara luzeak ikusi dira arratsaldeko lehen ordutik. 15:30ean ekin diote COVID-19 kasu positiboak atzemateko baheketa masiboari, Udalak Osasun Sailari hala eskatuta, azken asteetako kasuen gorakada dela eta. 40 eta 80 urte bitarteko herritarrak daude proba egitera deituta, 800 guztira, eta gaur arratsaldeko lehen orduan, Osakidetzak emandako datuen arabera, 468 pertsonek zuten txanda hartuta, erdiak baino gehiagok.
Zelai Amenabarro Legorretako alkatea Harripileta kiroldegira gerturatu da, eta hantxe adierazi du, “baheketarekin gustura” dagoela. “Azken egunetan kasuak gora eta gora ari ziren etenik gabe, eta kezkatuta, Osasun Sailari eskatu genion baheketa egitea, astelehen goizean, eta eguerdirako baiezko erantzuna eman ziguten”. Gehitu du, “bi egun Osakidetzarekin elkarlanean guztia antolatzen aritu” direla, eta orain “baheketak zein emaitza ematen duen zain” dagoela, “aurrera begira zein neurri hartu erabakitzeko”.