«Halakoak beharrezkoak dira eta gehiago estimatu beharko genituzke»
Dorronsorok (Beasain, 1973) Aterpe tabernan erakusgai jarri ditu bere lanak. Kalean ikusten dituen aurpegiak eta egoerak margotzea gustatzen zaiola dio, «posatu gabekoak, bat-batekoak».
Zergatik aukeratu dituzu koadro hauek?
Aterpen nire lanak hirugarren aldiz erakusten ditut. Azkena duela hamar bat urte izango zen. Hauek tarte horretako lan batzuk dira.
Zenbat denbora eskaintzen diozu koadro bakoitzari?
Zenbat ez dakit, asko. Buelta asko ematen dizkiet. Asteburuetan margotzen dut, nire denbora librean. Hau nire zaletasuna da, hobbya. Ez da lana. Ez dut presarik izaten lanak amaitzeko, eta bidean espero ez dituzun gauzak joaten zara aurkitzen: ideia batekin hasten zara, baina aldatuz joaten zara egin ahala. Urbietxeko bazkidea naiz eta Jokin Telleriaren tailerretan egiten ditut. Halere, Aterpen ez daude azken hamarkada honetan margotu ditudan lan guzti-guztiak, gehiago ere margotu ditut.
Beasainen badago pinturarako zaletasunik?
Zerbait badago, baina gutxi.
Garrantzitsua iruditzen zaizu margolari ez profesionalek zuen lanak erakusteko aukerak izatea?
Aukerak izaten dira, baina norberak mugitu behar du. Ni ez naiz behar beste mugitzen [barreak]. Aterpeko ekimen hau gozada bat da. Formatua asko gustatzen zait. Halakoak beharrezkoak dira, eta gehiago estimatu beharko genituzke.
Gustatzen zaizkizu zure koadroak gerora ikustea?
Ez pentsa, ez asko. Baina askotan ikusten ditut, etxean gordetzen ditut gehienak.
Noiz esaten duzu, ‘kito, hau amaituta dago’?.
Gustatzen zait beti esku artean zerbait izatea. Agian ez naiz margotzen ibiliko, baina proiekturen bat. Aspertu? Iristen da momentu bat koadroa bukatuta ikusteko gogoa sartzen zaizuna eta amaitu egiten duzuna. Hainbeste perfekzionatzen baduzu, inoiz ez da amaitzen eta noizbait gelditu egin behar da. Osotasun batean ikusten dudanean uzten dut, borobilduta dagoela iruditzen zaidanean.
Zerk inspiratzen zaitu?
Jendea egitea gustatzen zait, kalean ikusten ditudan aurpegiak eta egoerak. Posatu gabekoak, bat-batekoak. Egia esan, koadroak kalean ateratako argazkiak dira. Ez dakit zergatik, baina kalean margotzen baino erosoago sentitzen naiz argazkiekin. Kalean oso azkar egin behar duzu, eta ez dut nire burua horretan ikusten. Teknika asko behar da denbora gutxian halako koadroak egiteko. Asko ikasten da, baina nahiago dut lasaitasunean lan egin: jarri, kendu, kendu, jarri… Nik argazkiak egiten ditut, ordenagailuarekin argia, enkoadrea, konposizioa… egokitu egiten ditut margotu aurretik gustukoa dudan zerbait lortu arte eta gero horren arabera margotzen dut. Prozesu guztia nik egitea gustatzen zait. Halere, azken emaitza ez da inoiz argazkiko irudiaren berbera izaten. Asko aldatzen da. Bakoitzak bere estiloa du, bere koloreak, bere pintzelada…
Egungo egoerak nola eragin dizu?
Margotzeko gogoa kentzen dit. Ez dakit ondo azaltzen zergatik, baina egoera ez da normala eta ez nago margotzeko. Batzuk badiote itxialdian sortzen ibili direla, baina ni ez. Urte honetan ez dut gauza askorik egin. Margotzeko behar izaten da barrutik ateratzea, gustatzea.