«Oso gogorra izan da: 74 kilorekin joan nintzen eta 61ekin itzuli naiz»
Iñaki Alvarezek (Zumarraga, 1974) Alex Txikonek Manaslura egin duen neguko espedizioan parte hartu du. Ez dute gailurra zapaltzea lortu, baina oso esperientzia aberasgarria izan da.
Nolakoak izan ziren lehenengo egunak?
Hasteko, sei eguneko trekking-a egin genuen, bailaran gora. Kanpamentu nagusira iritsi ginenean, sekulako muntaia egin genuen. Marten jarriko den kolonia gogorazten zidan: denda handiak elkarrekin egoteko, denda txikiak bakarrik egoteko… Muntaia egin ondoren, lehen kanpamentura lehen garraioak egin genituen. Izan ere, eguraldia oso ona zen. Negua zen, baina udaberriko eguraldia izan genuen. Soka asko igo genuen. Baita janaria eta kanpamentuak hornitzeko behar zen guztia. Gasa batez ere. Izan ere, gasa ezinbestekoa da ura lortzeko.
Alex Txikon eta Simone Moro mundu mailako ospea duten alpinistak dira. Zure burua beraien pare ikusi al zenuen?
Denok ez genuen indar bera. Nepaldarrak oso gogorrak iruditu zitzaizkidan. Egia da ere urte osoa horretan lanean ematen dutela. Alex ezagutzen zuten eta nirekin hotz samar nabaritu nituen. Señorito bat nintzela uste zuten. Lana emango zien gonbidatu bat. Aldapa tenteetara heldu ginenean nik ere zertara joan nintzen erakutsi beharra nuela pentsatu nuen eta aurrean jarri nintzen bidea irekitzeko. Hala, beraien errespetua lortu nuen. «Iñaki anaia» deitzen hasi zitzaizkidan, beraien artean deitzen ziren bezala.
Nolakoa izan zen lehen kanpamentutik gorako bidea?
Hirugarren kanpamentura bide normaletik joaten saiatu ginen. Hirugarren kanpamentua klabea zen guretzako. Izan ere, bertan hasten dira azken maldak. Hura oso ondo hornitu behar genuen, lehen saiakerak huts eginez gero, hirugarren kanpamentuan egun bat edo bi igarotzeko asmoa genuen, bigarren aukera bat edukitzeko. Baina lehen kanpamentutik gora, berehala arazoak hasi ziren. Pitzadura handiak zeuden eta eskailera asko lotu behar ziren zubi luze bat egiteko. Oso arriskutsua zen. Iñurrategi anaiek eta Josu Bereziartuak bide hori egin zuten 1998an eta eskuinaldera ez joatea gomendatu zidaten, han elur jauziak ikusi zituztelako. Baina bide arrunta ezin zen egin eta eskuinetik joatea erabaki genuen.
Zer aurkitu zenuten bertan?
Nahiz eta eskuineko paretan elur asko zegoen, ez zen elurrik erori. Lan asko egin ondoren, eskuineko bidetik bide normalera itzultzeko modua aurkitu genuen. Baina ordurako egun asko pasa ziren eta eguraldia okertu egin zen. Elurra egiten zuen bakoitzean, gure lan guztia zapuzten zuen. Berriro hasi behar ginen kanpamentu nagusitik gora bidea irekitzen: elurra gerriraino, material asko bizkarrean… Lehen saiakeran sei egun pasa nituen mendian eta kranpoi bat galdu nuen bidea ostikoka ireki behar izan nuelako. Simone lehen kanpamentutik gora zetorren eta walkie-talkie-tik kranpoia bilatzeko eskatu nion. Ez zuen aurkitu eta bereak eman zizkidan. Ez zuen gailurrera iristeko aukerarik ikusten eta atzera egin zuen. Gainera, hiru egun neramatzan lanean eta berarentzat lehen eguna zen. Horrela, Simoneri ez zitzaion etikoa iruditzen aurrera jarraitzea nik atzera egiten nuen bitartean. Tontorrerako saiakera egitea pentsatzen ari ginenean, eguraldi txarra zetorrela esan ziguten eta behera egin genuen.
Nolakoa izan zen bigarren saiakera?
Berriro bidea ireki behar izan genuen, baina soka jarrita genuenez, aurrekoan hiru egunetan egin genuena egun bakarrean egin genuen. Baina meteorologoek goiko korronteak Manaslu gainean jarri behar zirela iragarri zuten. Hurrengo hamar egunetan 100-150 kilometro orduko haizea egongo zela esan zuten. Hori dela eta, Simonek espedizioa abandonatzea erabaki zuen. Alexek mirari batez korronteak hiruzpalau egun beranduago heltzea espero zuen. Nik ez nion huts egin nahi eta berarekin gelditu nintzen, nahiz eta meteorologoak arrazoia izango zuela uste nuen. Beheko herrira jaitsi nintzen indarberritzera eta handik mendian korronteak elurra nola altxatzen zuen ikusi nuen. Walkie-talkie-tik zer ikusten nuen esan nien, baina saiakera egin nahi zutela esan zidaten. Kanpamentu nagusira igo nintzenerako, Alexek eta xerpak ez zegoela aukerarik ulertu zuten.
Pena hartu al zenuen?
Ez. Lan asko egin genuen. Lehertu arte. Egunero nire indar guztiak agortu arte lan egin nuen. Aukera guztiak baliatu genituen. Hori dela eta, ez nuen penarik sentitu. Gainera, nire indarrak agortzen hasiak ziren eta nire behatzak inurrituta zeuden. Horrek izozketa arriskua duzula esan nahi du. Zoriontsu itzuli naiz, osorik etorri naizelako eta nire lagunak ere ondo daudelako. Roger Baxter-Jones alpinistak garrantzitsuena osorik bueltatzea dela esaten zuen. Ondoren, lagun bezala bueltatzea. Eta azkenik, tontorra zapaltzea. Lehenengo biak bete ditugu eta tontorra gelditu zaigu betetzeke.
Zuen arteko giroa ona izan da, beraz.
Bai, baina krisi txikiak ere egon dira. Hasieran, Alex ez zegoen konforme gure lanarekin. Nepaldarrek oso ondo lan egiten zuten, baina besteok ez ginen horren prestatuak. Berehala ulertu zuen gu ez garela profesionalak eta azkenik ondo moldatu ginen.
Sare sozialetan zurekin mendira joatea luxua dela esan du.
Geroz eta hobeto moldatu ginen. Ezin zen beste modu batera izan. Bakoitzak bestearen akatsak onartzen ditu eta bertuteak baloratzen ditu. Alex oso mendizale indartsua dela ikusi dut. Nik baino indar gehiago du, baina ez nintzen atzean gelditzen. Eta tarteka aurrean jartzen nintzen bidea irekitzeko. Tontorrerako prest geundenean, Alex, Chepal xerpa eta hirurok maila berean geundela iruditu zitzaidan.
Zure bizitzako espedizio luzeena eta gogorrena izan da.
Oso gogorra izan da. 74 kilorekin joan nintzen eta 61ekin itzuli naiz. Normala da. Nire energia guztia xahutzen nuen goizetik gauera. Gainera, espedizioetan gutxi jaten da: zopa, tea, likido asko, solido gutxi… Zorionez, oso prestatuta joan nintzen. Sei. hilabetez entrenatu nuen: goizero 06:00etan jaiki eta Antioko bideko eskailerak 20 kiloko motxilarekin behin eta berriro igo, kiroldegian izterrak indartu, mendian korrika egin… Iker Baztarrika lankidearen laguntza izan nuen, kirol entrenamenduetan aditua baita.
Psikologikoki ere oso gogorra izango zen.
Hala da. Baina oso kontzientziatuta abiatu nintzen. Banekien nire bizitzako esperientzia gogorrena izango zela. Eta banekien ez nengoela bakarrik. Alex laguna da eta nire burua gaizki ikusten banuen besteak izorratu aurretik buelta emango nuela esan nion. Baina nire burua ondo prestatu nuen, ilusio handia nuen eta inbertsio handia egin nuen. Ez nuen uste kale egingo nuenik. Dena den, batzuetan etsigarria zen horren poliki mugitzea: lan titanikoa zen.
Eguraldiaren laguntzarik gabe, ezinezkoa da Manaslu neguan igotzea.
Goialdean zaudenean haizea bare egotea ezinbestekoa da.
Etorkizuneko egitasmoez hitz egin al duzue?
Ez. Soka finkoak han gelditu dira. Hurrengo urtean norbait joango balitz, han egongo dira. Baina ez dugu horri buruz hitz egin. Gainera, aurten sekulako diru eta denbora inbertsioa egin behar izan dut.