Urola Garaiko Mankomunitateak milioi erdi euro jarri du enplegurako
Iazko langabezia %10,2koa izan zen bailaran, aurreko urtekoa baino puntu bat altuagoa. Herriz herri ere igo egin da langabetu kopurua. 208.333 euro, udalen enplegu planetarako dira
Urola Garaiko Mankomunitateak 490.338 euroko partida izendatu du enplegurako 2021eko aurrekontuetan, eta beste 272.949 euro jaso ditu enpresa garapenaren programarako. Martxoaren 1ean egindako asanbladan onartu zituzten aurtengo ekitaldirako aurrekontuak, 1.841.903 eurokoak, horien barruan Uggasarenak ere sartuta.
Asanbladan, aurten enplegua sustatzeko gastatuko diren kopuruak aurkeztearekin batera, iaz Ezkio-Itsason, Legazpin, Urretxun eta Zumarragan enpleguaren alorrean jasotako hainbat datu ere azaldu zituzten, langabezia tasa horien artean.
Langabezia, %10,2
Gipuzkoako langabezia tasatik oso gertu, eta aurreko urtean baino langabetu gehiagorekin amaitu zuten 2020ko ekitaldia Mankomuniteko lau herriek. Batez besteko %10,2koa zen langabezia bertan 2020aren amaieran (2019an %9,1ekoa), Gipuzkoan %9,8koa zen bitartean (%8,8koa iaz). Ezkio-Itsason %6,3koa zen (21 langabetu), %8,8koa Legazpin (347 langabetu), %9,5ekoa Urretxun (311 langabetu), eta %12,2koa Zumarragan (562 langabetu). Herriz herri ere gora egin zuen langabeziak iaz, batez ere bigarren hiruhilekoan eta COVID-19ak zuzenean eraginda. Horren ondorioz, eten egin zen 2018an eta 2019an atzemandako beheranzko joera.
Iazko urte amaieran zeuden langabetuez gain, aldi baterako enplegu erregulazioko espedientea indarrean zuten langileak ere baziren, 65 guztira Mankomunitate mailan: bat Ezkio-Itsason, 15 Urretxun, 19 Legazpin eta 30 Zumarragan.
2021era begira, enplegua sustatzeko 490.338 euroko partidatik, 170.905 Uggasako langileen gasturako izango dira, 208.333 euro udalen enplegu planetarako, 36.000 euro enpresen enplegu planetarako, 48.600 euro profesionaltasun ziurtagirientzako, 14.000 euro formakuntzarko, 8.000 euro ekintzaileei diru laguntzak eta aholkularitza emateko, eta 4.500 euro gizarteratze laneratzerako.
Enpresa garapena
Enpleguaren sustapenarekin oso lotuta dagoen beste atal bat enpresa garapenarena eta ekintzailetzarena da, eta Mankomunitateak horretarako jasotako 272.949 euroren artean, enpresak garatzeko programetarako 72.000 euroko partida eta Sortzen inkubategirako eta Cowork gunerako 45.000 euroak nabarmendu behar dira.
Iazko datuei dagokienez, ekintzailetzaren alorra jorratzeko Mankomunitateak dituen zerbitzuetan 69 pertsona artatu ziren, eta 34 bideragarritasun proiektu landu, 16 enpresa sortu eta 40 diru laguntza bideratu. Gainera, 13 herritarrek jardun zuten kudeaketari buruzko formakuntzan, Spri eta Renove 11 diru laguntza tramitatu ziren, eta 12 pertsonek erabili zuten Cowork-a.
Aurrera begira, trantsitzio digital teknologikoa, sozio-demografikoa eta klimatiko-energetikoa dira ekonomia eta enplegua berreskuratzeko Mankomunitatearen estrategiaren ardatzak.