Hiru goierritar Gipuzkoako Bertsozale Elkartearen zuzendaritza berrituan
Amasa-Villabonan egindako ohiko Batzar Nagusian aurkeztu dute Zuzendaritza Batzorde berritua. Ane Beloki eta Maite Sukia sartu dira eta Asier Iriondok jarraitu egingo du. Saroi Jauregik eta Antton Fernandezek, berriz, agur esan dute.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak ohiko Batzar Nagusia egin zuen atzo, Amasa-Villabonan. Bertan, elkartearen Zuzendaritza Batzorde berritua aurkeztu dute. Hainbat aldaketa izango ditu. Batetik, duela hilabete batzuk iragarri zuten moduan, Saroi Jauregik lehendakaritza utzi duelako; Asier Azpiroz zubietarrak hartuko du haren lekukoa, beti ere, “gidaritza taldean” eramateko asmoarekin. Bestetik, zuzendaritza batzordeak aurpegi berri ugari izango dituelako.
Izan ere, Jauregirekin batera, batzordeko kide ziren Antton Fernandezek, Felix Irazustabarrenak, Iker Iriartek, Adur Gorostidik eta Ander Goikoetxeak agur esan dute. Jarraituko dutenen artean daude Azpiroz, Asier Iriondo eta Joxe Mari Altuna. Batzordera izen berriak ere batu dira, ordea: Ane Beloki, Maite Sukia, Aitor Urbieta, Ane Zuazubiskar, Oihana Aranguren eta Unai Mendizabal.
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak esker ona agertu die hainbat urtez batzordeko kide izan eta adio esan duten kideei, egindako lanagatik. Era berean, kide berriei ongietorria eta esker ona agertu die.