Igartza Musika Bekako irabazleen kontzertu bikoitza
2019 eta 2020 urteetako irabazleak igoko dira oholtzara: Lopez Cañal, Barbera eta Arol. Etzidamu izango da kontzertua, 19:00etan
Igartza Musika Bekako azken bi urteetako bekadunek kontzertua eskainiko dute etzi, 19:00etan, Igartzako Jauregian. Guillermo Lopez Cañal biolontxelo jotzailea, Laia Barbera harpa-jotzailea eta Maryia Arol akordeoi-jotzailea igoko dira oholtzara. Eolo Andino jazz-saxofoi-jotzaileak ezin izango du Beasainen agertu, kanpoan baitago. Izan ere, Lopez Cañalek eta Andinok 2019. urtean jaso zuten beka eta iaz ziren kontzertua eskaintzekoak. Pandemiaren erruz bertan behera gelditu zen. Halere, beka jasotzeko bete beharreko baldintzetako bat Beasainen kontzertua eskaintzea da, eta horregatik aurtengoan kontzertu bikoitza izango da.
Izen handien piezak joko dituzte: Hosokawa, Tchaikovsky, Bach… Euskal herritarren piezak ere entzungo dira, Arolek Jesus Guridiren Dantza zaharrak lana interpretatuko baitu. Denera, bederatzi pieza joko dituzte.
Gonbidapenak aldez aurretik eskatu behar dira edukiera arazorik izan ez dadin. Txantiloi hau bete behar da horretarako. 40 sarrera jarriko dira eskuragarri eta izena ematearen ordena izango da irizpide. Behin kopuru hori betetzen denean galdetegia itxi egingo da.
Igartza Musika Beka Beasaingo Udalaren ekimena da, Musikenerekin batera. Udalaren arabera, herrian musika zaletasuna sustatzeko ekimena da, eta «talentu handiko musikari gazteen lanaren emaitzak Beasainen bertan plazaratzea ekarri du».