Joandakoak oroitzeko gunea
Santikutz egoitzako lorategian landatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek Legazpiri oparitutako intxaurrondoa. Ikasleek aukeratu dute non landatu, lau lekuren artean.
Legazpi osoaren izenean, Edem Abdesalam, Olaia Moro, Nadia Carro eta Elisa Curac ikasle gaztetxoek landatu dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek herriari oparitu zioten intxaurrondoa. Atzo goizean egin zuten landaketa Santikutz egoitza aurreko lorategian, udaleko, egoitzako eta Haztegi eta Domingo Agirre ikastetxeetako ordezkariek lagunduta.
Iaz pailazoek Latxartegin aurkeztu zuten Amaren intxaurrak ikuskizunean zehar legazpiarrei egindako oparia da intxaurrondo hori. Hildakoak gogoratzeko ikur bihurtzea zen asmoa. Udalak gordeta izan du ordutik landarea, eta landaketarako garai aproposa iritsi denean eta non kokatu erabakitzeko martxan jarritako lehiaketa amaitu ondoren, Legazpik badu hildakoak eta joan diren «lagun txiki eta handiak oroitzeko eta haiekin izandako bizipenak irribar batekin gogoratzeko» gunea.
Landaketan parte hartu duten lau ikasleak kokapena aukeratzeko lehiaketako irabazleak dira, lauak pailazoen emanaldi hartan izandakoak. Gaztetxoekin batera, Itziar Etxezarreta Domingo Agirre eskolako zuzendaria, Sagrario Etxabe Haztegi ikastolako zuzendaria, Kristina Uribeetxeberria eta Monika Arriaran Santikutz egoitzako koordinatzailea eta terapeuta, Isa Sanz udaleko gazteria eta hezkuntza teknikaria, Maite Lonbide Hezkuntza zinegotzia eta Koldobike Olabide alkatea izan dira ekitaldi sinboliko bezain hunkigarrian.
Opari sinbolikoa
Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lana da Amaren intxaurrak. Urtero bezala, Legazpin egin zuten ikuskizun berriaren aurre estreinaldia azaroaren 25ean, Latxartegin, herriko bi ikastetxeetako Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailetako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleen aurrean.
Amaren intxaurrak ikuskizunean heriotzaren gaia lantzen dute pailazoek, Amatxo Loreto hil zenetik hiru urte bete direla baliatuz. Amatxo Loreto hiltzean, intxaurrondo bat landatu zuten azken agurra emateko, parke batean. «Doluaren ondoren, pailazoak pozik daude. Izan ere, Amatxo Loretoz oroitzen diren bakoitzean, intxaur zaporeko irribarrea marrazten zaie ezpainetan». Sentipen hori bera legazpiarrekin konpartitu asmoz oparitu zieten intxaurrondoa.
Kokapena, lehiaketa bidez
Zuhaitza non landatu erabakitzeko, udalak iritzia eskatu die ikuskizun hartan izan ziren ikasleei, eta lau tokiren artean bat aukeratzeko eskatu diete. Santikutz egoitzako lorategia, Urtatzazaharreko parkea, Mirandaolako parkea eta kultur etxearen atzealdeko berdegunea ziren lau aukerak. Oso estu izan bada ere, egoitzako lorategiak irabazi du.
Aukeraketan parte hartutako ikasleen artean zozketa egin eta lau aukeratu dituzte. Amaren intxaurrak ipuin eta disko bana oparitu diete, baina intxaurrondoa landatzea izan da jaso duten sari nagusia.