Legorretako baheketa masiboak ez du kasu positiborik atzeman
Zelai Amenabarro Legorretako alkatea "pozik" agertu da, bai emaitzarekin, eta baita herritarren parte hartzearekin ere. Kasu berririk atzeman ez bada ere, "zuhurtziaz" jokatzen jarraitzeko eskatu du.
Atzo arratsaldean Legorretan egindako baheketa masiboak ez du kasu positibo berririk atzeman, eta hala jakinarazi du Udalak, Osakidetzak emaitzak helarazi dizkion bezain pronto. 40 eta 80 urteko 800 herritar zeuden proba egitera deituta, eta 471 proba egin ziren. Zelai Amenabarro alkatea “pozik” agertu da “positibo berririk agertu ez delako”, baina baita, “baheketan parte hartu duten herritarren kopuru handiagatik ere”. Egindako kalkuluen arabera, testa egitera deitutakoen artean “hirutik bi” joan dira: “800 legorretar dira 40-80 urte bitartekoak, baina multzo horretatik kendu behar dira aurretik positibo eman dutenak, haien kontaktuak eta beste arrazoi batzuengatik egunotan proba egin behar izan dutenak”. Kopurua, “osasun arduradunek espero baino portzentaje handiagoa da”, eta Legorretako alkateak, “eskerrak” eman dizkie parte hartu duten guztiei, “baita baheketa posible egin duten osasun langile, udal langile eta erakunde guztiei ere”.
Emaitzak ikusita “lasaitasuna” hartu dutela erantsi du, baina nabarmendu du, “zuhurtziaz” jokatzen jarraitu beharra dagoela: “Poz honek ez gaitzala lasaitasunera eraman, zeren oraindik, erne egon behar dugu, azken egunetan ikusi baitugu zein erraz zabaltzen den birusa, eta ezin gara lasaitu”. Beraz, herritar guztiei orain arte bezala segurtasun neurri guztiak betetzeko eskatu die: “Jarrai dezagun elkar zaintzen; zugatik, gugatik, denongatik”.