Nerabeen parte hartzea sustatzeko proiektua garatzen ari dira Urretxun
Gizarte Zerbitzuak eta Gaztedia sailak, lizeoko eta institutuko ikasleekin batera, jaurlaritzak eta EDE fundazioak martxan jarritako egitasmo batean parte hartzen ari dira
Urretxu, beste zortzi udalerrirekin batera, haur eta nerabeen parte hartzea sustatzeko mahai bat sortzea helburu duen proiektu batean parte hartzen ari da. Egitasmo hau Eusko Jaurlaritzak eta EDE fundazioak jarri dute abian.
Piztu proiektua duela zortzi hilabete jarri zen abian. Ordutik hona, Urretxuko ordezkariak EDE fundazioko teknikariekin eta gainontzeko udalerrietako ordezkariekin bildu dira, formazioa jaso dute, iritzi eta bizipenak partekatu dituzte, herri ezberdinetako errealitateak partekatu dituzte eta pixkanaka Urretxurako egokiena izango den eredua diseinatzen eta finkatzen joan dira.
Eredua finkatu ondoren, taldea abian jartzeko eta dinamizatzeko momentua iristean, udala LEINN graduko ikasleekin jarri zen kontaktuan: dinamizazio lanetan eskarmentua dutelako eta gazteak izanik, 3. eta 4. DBHko nerabeengana heltzea errazagoa zaielako.
Ikasleen parte hartzea
Lehen fasean lizeoko ikasleekin egin da lanketa. 3.eta 4. DBHko ikasleek nerabeen parte hartze mahai egonkorra nola osatuko luketen jakinarazi dute: euren beharrak zeintzuk diren, Urretxuko Udalarekin duten harremana zein den eta zein izatea nahiko luketen, parte hartze mahai hori sortzeko zer baliabide beharko dituzten, taldea nola egituratuko luketen, nola dinamizatu… Galdera horiei guztiei erantzuna eman ondoren, aurkezpen bat egin dute.
Bigarren fase honetan egitasmoa Jose Mari Iparragirre institutura heldu da. Bertako ikasleak, taldetan banatuta, arazoak planteatzen, ideiak garatzen, komunikatzen eta aurkezpenak prestatzen ari dira.
Fase honen amaieran, orain arte aurkeztutako proiektu guztiak aztertu eta kontuan hartuko dira, proiektu bakar bat osatzeko. Proiektu horren helburua nerabeen mahaia eratzea izango da.
Gainera, proposamen egokienak egiten dituzten lizeoko eta institutuko parte hartzaileentzat sari bereziak egongo dira proiektuaren amaieran. Urretxuko Udaleko ordezkariek irailerako taldea osatuta izatea espero dutela adierazi dute.