Usurbe probak zabalduko du txirrindularitza denboraldia
Etxeberriaren omenezko 29. probak urteroko ibilbidea izango du. Larunbatean jokatuko da, 11:00etatik aurrera. Tropel gizena espero dute antolakuntzakoek
Etzi jokatuko da Goierriko aurtengo lehen bizikleta lasterketa: Mikel Etxeberriaren omenezko 29. Usurbe proba. Kadete mailako lasterketa izango da. Tropel handia espero du antolakuntzak, 150 txirrindulari ingurukoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dagoelako beste lasterketarik. Caja Rural-Ikolan- Beasain taldeko hamahiru txirrindulari arituko dira tartean.
Aurreko urteetako ibilbide bera osatu beharko dute: Nafarroa etorbidetik abiatuko dira, 11:00etan; Alegiaraino jaitsiko dira; Amezketatik buelta eman, eta berriz ere Alegiatik Beasainera itzuliko dira; handik, Ihurrera joango dira, Olaberriara igo, Lazkaora jaitsi, eta helmugara. Nafarroa etorbidean egongo da, irteerako puntu berean. 51 kilometro, denera. Ibilbidea ezaguna izan arren, antolatzaileek aitortu dute pandemiaren aurkako neurriek lana zaildu diela.
Proba ikustera hurbiltzen direnei segurtasun distantziak mantentzeko eta maskara ez kentzeko eskatu diete.
Probak aldaketak eragingo ditu trafikoan. Antolakuntzak udaltzainen eta Ertzainen aginduak errespetatzeko eskatu du. Eta pazientzia izateko, mozketak laburrak izango direlako.
Zikloturistak, martxan
Loinaz Txirrindulari elkarteko zikloturistak jada badabiltza pedalei eragiten. Bigarren txangoa egingo dute etzi: Amezketara joan-etorria egingo dute; ondoren Atagaoitiko itzulia; eta Ataunerako joan-etorriarekin amaituko dute. 09:00etan irtengo dira, Erauskain plazako estatuatik. Deialdia irekia da. Larunbatero elkartzen dira.
Bestalde, Loinaz elkarteko kideak apirilaren 25ari begira ere badaude. Emakumezkoen Espainiako kopako hiru proba antolatuko dituzte egun berean. Espainiar estatuko txirrindulari gazte onenak lehiatuko dira. Hasiak dira antolaketa lanak aurreratzen.