«'Baserria'-ren ondoren, 'El Conquis'-en sartu nahiko nuke»
ETB1eko 'Baserria' saioan finalera iristea lortu du Xabi Orbegozo (Ordizia, 1999) Altzagaraten bizi den ordiziarrak. Kaletar bezala lehiatu da. Finala ez du irabazi baina publikoak faboritoa aukeratuko du igandean.
ETB1eko ‘Baserria’ saioan finalista izan zara. Iragan igandean jokatu zenuten finala, zer moduzko esperientzia izan da?
Orain arteko esperientziarik onena izan da niretzat, eta ume txiki bat bezala gozatu dut. Ikasi ere, asko ikasi dut. Beraz, nahiz eta bigarren postuan gelditu, orokorrean oso oso ongi!
Nola izan zenuen saioaren berri?
Telefonotik jaso nuen deialdia, familiakoek bidalita. Esaten zuen, ETB1eko saio berri baterako zela… eta bai! Aurkeztuko nintzela esan nien etxekoei, eta haiek ere ere animatzeko esan zidatenez, eta jakin nuenez ‘El Conquis’-en antzeko formatoa izango zela… izena eman nuen.
Kastinera aurkeztu, eta aukeratua izan zinen. Espero zenuen?
Ba… batetik bai!, edo uste nuen behintzat aukerak banituela, batez ere, lehen edizioa zelako, eta uste nuelako, ez zela jende gehiegi aurkeztuko. Hasieratik ikusi nuen nire perfila gustatu zitzaiela, eta nire puntu fuerteak indartu, eta hala lortu nuen sartzea.
Kaletarrak eta baserritarrak, bikoteka lehian. Zu kaletar bezala aurkeztu zara. Nolatan?
Jende askok galdetu dit hori, Altzagaraten bizi naizelako. Familiakoek, bai, beti esan didate, baserrirako ez nuela balio, kalekume konpletoa naizela. Eta onartzen dut hala dela, baserriko lana sekula ez zaidala gustatu, lan gehiegi da eta ez da nire gustukoa. Beraz, sekula ez naiz baserriko lanetara arrimatu.
Lehenengo saioa iristen da eta gainontzeko partaideak ezagutzen zenituen aurretik?
Ez, ez! Sorpresa izan zen, lehen programan ezagutu nituen. Tartean bazen aurpegi ezagunen bat, baina partaideak nortzuk izango ziren egun horretan jakin genuen.
Eta goierritar batzu-batzuk ere bai tartean…
Bai, hiru goierritar izan gara, beste biak baserritarrak.
Eta zure bikotea, Amalur… zer moduzkoa izan da?
Oso-oso gustura egon naiz Amalurrekin, hamarreko harremana izan genuen hasiera-hasieratik. Lehenengo programan, bikoteak osatu zirenean, elkarrekin lehiatuko ginela esan zigutenean, nigana hurbildu eta esan zizkidan lehen hitzekin, segituan konturatu nintzen kasta zuela, eta ongi konponduko ginela. Eta hala izan da, bai!
Programan egin duzun ibilbidera joz, lehenengo saioak isilago eta lehen duelotik aurrera, protagonismo gehiago hartu zenuen. Zuk nola ikusi duzu?
Lehen saioan, ardien proba egiterakoan txakur xamarra izan nintzen, eta beste taldekoek hori aurpegiratu zidatenez, izan nuen protagonismo pixka bat, baina ondoren bai, lehen dueloa egin genuen arte, nahiko isil pasa nintzen. Hortik aurrera, desberdina izan zen, gainera, geroz eta partaide gutxiago ginen eta…
Hortik aurrerako guztiak gainditu, eta finalean sartzea lortu zenuten, baina garaipenak ihes egin zizuen.
Helburua gozatzea zen, lehiaketa txukuna egin dugu, jokoa eman dugu eta finala, dena ematera atera ginen, irabazi edo galdu, itxura ona eman nahi genuen, eta uste dut lortu dugula. Noski! Garaipenarekin, lehiaketa borobilduko genuke, baina ezin izan genuen. Hala ere, oso pozik nago.
Finala igandean jokatu zenuten, baina oraindik ez da guztiz bukatu…
Datorren igandean, azken negutegia egingo dugu, eta bertan erabakiko da publikoaren faboritoa.
Telebista, barrutik, zer moduz?
Asko gustatu zait! Igandea iristeko gogoz nengoen saioa ikusteko. Dena den, onartzen dut kamera aurrean hitz egitea pixka bat kostatzen zaidala, baina lehiatzea ikaragarri gustuko dut, uste dut ongi moldatu naizela.
Beste programaren baten izena emateko asmorik bai?
Txiki-txikitatik oso gustuko dut ‘El Conquis’ eta kastinetan ere izan naiz baina ez naute hartu. Orain, ‘Baserrian’ egindakoaren ondoren, ‘El Conquis’-en sartu nahiko nuke.