Brasilgo bidaiari familiak geldialdia egin du Legazpiko Mantxolan
Schumann aita eta hiru alaba gazteak Europan zehar bidaiatzen ari dira. Mantxolako Narbona-Cantero familiak euren etxea eskaini die atseden hartzeko. Frantziara joango dira ondoren
Asteazken iluntzean Bellotan lanean ari zela, zakutoz betetako txirringetan zihoazen lau lagun ikusi zituen Alain Narbona Canterok fabrika barruko kaleetan. Galduta zebiltzala zirudien, eta laguntza eskaintzera hurbildu zitzaien. Christoph eta bere hiru alaba Yumi, Sohalia eta Jemaja ziren, brasildarrak.
Bidegorriaren bila ari ziren, baina hara nola iritsi erakutsi ordez, gaua igarotzeko lekua eskaini zien, Jose Joakin eta Maripaz gurasoen Mantxolako etxean. Han egin dute egun pare bateko geldialdia bidaiariek.
Abuztutik bidaian
Brasilgo Salvador da Bahia ingurukoak dira 43 urteko Christoph Schumann, 6 urteko Yumi, 9 urteko Sohalia eta 14 urteko Jemaja. Handik abiatu ziren abuztuaren 30ean Alemaniarantz, hegazkinez, bizikleta gainean bidaia luze bat egiteko helburuz.
Hannover hirian hasi zuten ibilbidea. Gero, Frantzia zeharkatu eta Mediterraneo aldera jo zuten, Montpellier hiriraino. Granadako Sierra Nevada zuten hurrengo helmuga, eta kostaldetik egin zuten bidea. Portugal iritsi zen gero, eta Oportoraino joan ziren. Handik Espainiara sartu ziren , eta Gaztela-Leon zeharkatuta, Euskal Herrira iritsi dira.
Bizikletetan ekipajea, janaria eta beste traste guztiak sartzeko zakutoak jarrita, 5.000 kilometro baino gehiago egin dituzte, egunean batez beste 50-60 kilometro eginda, «eguraldia, haizea, bidea, aldapak edo argi ordu kopuruaren arabera» azaldu du aitak. Eguna luzatzen denean, 70 kilometro egitera iritsiko dira.
Gauak normalean kanpin dendan lo zakuen barruan egiten dituzte, zelai edo baso batean kanpamentu txiki bat antolatuta, «gizakia da animaliarik arriskutsuena, eta herri barruan baino nahiago dut kanpoan lo egin, ez dut arazorik izan nahi». Orain arte ez dute gorabehera aipagarririk izan, alderantziz, jende abegitsu eta eskuzabalarekin egin dute topo, batzuk erotzat hartu badute ere alabekin horrela bidaiatzeagatik.
Legazpiko geldialdia
Legazpira Udanatik behera iritsi ziren herenegun, eta Google Maps aplikazioak fabrikara eraman zituen, bidegorriaren bila ari zirela. Mantxolan atseden hartuko dute, eta apurtu zaien bizikleta konpondu eta bestelako mantentze lanak egingo dituzte. Arropak garbitzea, zeharkatu dituzten herrialdeen bandera bildumari gehitzeko ikurrina bat erostea, ikastea eta Narbona-Cantero familiarekin une gogoangarriak partekatzea ere badaude epe labur honetarako planen artean, Alainen seme-alaba Amane eta Luar lagun dituztela. Legazpitik Frantziara joango dira. Italia, Hungaria, Bulgaria, Rumania, Kazakhstan… etorriko dira ondoren.
Hiru urteko bidaia
Bi urte behar izan ditu aitak bidaia planifikatzeko, eskola kontuak antolatzeko, eta «lan asko egin behar izan dut nire lorezaintza enpresan, dirua lortzeko». Dena prest zutenean, pandemia etorri zen, baina aurrera egitea erabaki zuten, Europan zehar bidaiatzeko aukera bazegoela ikusita. «Orain edo inoiz ere ez!» esan eta gero, abuztuan atera ziren Brasildik. Pandemia ez dela oztopo dio Schumannek, «babes neurriak hartzen ditugu, eta, gainera, arrisku gutxiko guneetan ibiltzen gara, bizikletaz, natur guneetan…».
Hiru urteko bidaia egiteko asmoa dute, «hiru urtez bidaiatzeko adina diru daukagu behintzat», zehaztu du Schumannek. «Baina nesken menpe dago guztia, triste edo deprimituta ikusten baditut, itzuli egingo gara». Brasilen bizi dute ama, eta egunero hitz egiten dute harekin.
Neska gazteek ez dute etxera itzultzeko gogorik. Duela aste bete hitz egin zuten horretaz, Gasteizen egon zirenean, «ikasle batzuk ikusi genituen parkean jolasean, eta Sohalaiak ez zuela eskolara itzuli nahi esan zuen, bidaiarekin jarraitu nahi zuela».
Eskola kontuak ez dituzte horregatik baztertuta. Egun osoan zehar bizitzen dituzte ikasteko baliagarriak diren esperientziak, «haurrek gauza asko ikasten dituzte kalean eta jendearekin,naturan, geografia, matematikak, hizkuntzak…». Horrez gain, liburuak eta interneta ere erabiltzen dituzte.
Izarrak zakuto barruan
Bidaia dokumentatzen ari da Schumann kamera eta dronarekin argazkiak eta bideoak eginez. Haurrekin bizikletaz bidaia luzeak egiteko gida bat prestatu nahi du, dokumental bat, «posible dela erakutsi nahi dut, eta familiak animatu nahi ditut, haurrek autokonfiantza eta adorea hartzen dute, kultura berriak ezagutu… asko ikasten dute».
Instagramen ere jarraitu daiteke Schumann familiaren bidaia, @sterne_im_gepaeck kontuan, «izarrak zakuto barruan esan nahi du, bidean aurkitzen ditugun izar guztiak zakuto barruan gordetzen ditugulako».