Datorren astean mugituko dute udal bulegoa udaletxera, ondo bidean
Berritze lanak egin dituzte udaletxean eta eliz atariko eskola zaharrean egon da bulegoa orain arte. Aste honetan falta diren azken lanak burutuko dituzte: informatika sarea eta eskailerak
Itsasoko udal bulegoa datorren astean lekuz aldatzea aurreikusi du udal batzordeak. Berritze lanak egin dituzte udaletxeko eraikinean eta, ondo bidean, azken lanak aste honetan bukatuko dituztenez, datorren astean Herritarren Arretarako Bulegoa eta Gizarte Langilearen zerbitzua udaletxera itzuliko dira. Uztailean hasi zituzten lanak ia amaituta dauden arren, informatika sarea ezartzea eta eskailerak mugikortasun urriko herritarrentzat erabilgarriak izateko azken ukituak falta dira oraindik, Gorka Sasieta batzorde buruak adierazi duenez. Bitartean, aste honetan eliz atariko eskola zaharrean jarraituko du bulegoak. 2018an egin zuten udaletxeko obraren lehenengo fasea, sarrera, lehen solairua eta kanpoko eremua berrituta. Bigarren eta azken fase honetan teilatua berritu dute.
Ohiko ordutegia
Eliz atariko eskola zaharrean edo udaletxean ere, orain arteko ordutegi bera izango dute udal zerbitzuek. Horrela, astelehen, astearte, ostegun eta ostiraletan, 12:30etik 14:00etara egongo da irekita, eta asteazkenetan 16:00etatik 19:00etara. Iker Lizardi administraria, berriz, astelehenetik ostegunera Santa Lutziko udal eraikinean egongo da, 09:30etik 12:30era. Gizarte langilearen zerbitzurako ere udal bulegora jo behar dute herritarrek. Ostegunetan egongo da bertan, 09:00etatik 13:00etara.