Goierriko lau herritan esne bilketa egingo dute, Zaporeak elkarteak deituta
Larunbat goizean egin dute hitzordua Beasainen, Legazpin, Ordizian eta Urretxun. Bildutako esnea Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamenduetara eramango dute.
Zaporeak elkarteak deituta, esne bilketa egingo dute asteburuan, Goierriko lau herritan. Jasotako esnea, Kara Tepen, Greziako Lesbos uharteko errefuxiatuen kanpamendura eramateko izango da. Esne osoa bakarrik jasoko dute, tetra brick-en ontziratutakoa. Iraungitze data luzea duen esnea izan dadila ere eskatu dute.
Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea da Zaporeak eta helburu horren barruan kokatzen da hego Euskal Herrian egingo duen esne bilketa kanpaina. Gipuzkoan abiatuko da kanpaina bihar bertan, eta beste lurraldeetara zabalduko da ondoren: Araban martxoaren 27an egingo dute, Nafarroan apirilaren 10ean eta Bizkaian apirilaren 24an.
Goierri mailan, lau herritan egingo dute bilketa bihar: Beasainen, Legazpin, Ordizian eta Urretxun. Hauek dira bilketarako guneak eta ordutegiak:
- BEASAIN: Bideluze plazan (10:00-14:00)
- LEGAZPI: Azokako arkupean (09:00-14:00)
- ORDIZIA: Udaletxeko arkupean (10:30-14:00) eta San Bartolomeko Eroskin (10:30-19:00).
- URRETXU: Gernikako Arbola plazan (09:00-14:00)