Pandemiaren urtea, Txinan
Urretxu-Zumarragako Cuñado-Lasa familia Shanghain bizi da 2019ko abuztutik. Koronabirusaren epizentroa izan zen Txina, baina Lasak dio gaur egun "bizimodu normala" egiten ari direla.
Martxoaren 15a zen Urretxu-Zumarragako Cuñado-Lasa familiak iaz Shanghairako (Txina) hegaldia bigarrenez hartu zuenean. Egun bat geroago hartu zuten lur beren helmugan, Txinako Gobernuak herrialdeko mugak ixteko erabakia hartu baino ordu batzuk lehenago. Euskal Herrian martxoaren 16an hartu zituzten neurri horiek, Espainiako Gobernuaren aginduz; azkenean, hilabete eta erdiz luzatuko zen itxialdia. Koronabirusak urrutiko arazo izateari utzi zion, eta mundu guztira hedatzen hasita zegoen ordurako.
Cuñado-Lasatarrek 2019ko abuztuan hasi zuten Txinako beren abentura. Horretarako aitzakia zera izan zen: Javi Cuñadok lan egiten duen Ordiziako Orkli enpresak Shanghain duen fabrikan makina berri bat martxan jarri behar zuela. “Ez zen boluntariorik aurkeztu, eta guk geure burua eskaini genuen. Esperientzia interesgarria iruditu zitzaigun”, azaldu du Ainhoa Lasak. Naia eta Ander seme-alabei ere ideia egokia iruditu zitzaien, eta ez zuten bi aldiz pentsatu.
Koronabirusa eta kontrola
Txinara iritsi berritan gainditu beharreko lehen erronka teknologiarena izan zen Lasarentzat: “Hemen [Txinan], sakelakorik gabe, ez zara ezer”. Egunerokoan beharrezkoa da gailu hori: “Dirua ez da ia existitzen; mugikorrarekin ordaintzen da dena. Taxi bat eskatzeko ere sakelako aplikazio bat erabiltzen dugu”, azaldu du. Herrialde berrira egokitzeko eta Asian eta Txinan barrena familian bidaiatzeko hilabeteak izan ziren hasierako haiek. 2019ko Gabonetan etxera itzuli ziren bisitan, “egun batzuetarako”.
Lasak dio 2020ko urtarrilaren hasieran, Urretxu-Zumarragatik iritsi berritan, Txinan artean ez zela koronabirusaz hitz egiten. Hala, urtarrilaren 22an Urteberri txinatarra ospatzen zela aprobetxatuz, Thailandiara joan ziren oporretan. “Han geundela iritsi zitzaigun Wuhanen zerbait gertatu zela”, dio. Otsailaren hasieran dei bat jaso zuten Ordiziatik, Txinan gertatzen ari zenaren berri emateko eta ezin zutela berriz Shanghaira bueltatu aginduz. Gogoz kontra, baina Euskal Herrirako bidea hartu behar izan zuten orduan. “Oporretako maletarekin eta txankletak eta kamiseta tirantedunak soinean, Bilbon lur hartu genuen otsail betean”, oroitu du Lasak, umoretsu.
Hasieran, “aste gutxirako egonaldia” behar zuena hilabete eta erdiz luzatu zen azkenean. Lasak dio itxaronaldiak “luze” jo zuela, “beti Shanghaira itzultzeko asmoa” izan baitzuten gogoan. Eta hala izan zen, azken orduan izan bazen ere. Iritsi zirenean, hamalau eguneko berrogeialdia egin behar izan zuten. “Etxea prezintatu ziguten. Erosketak sakelakoaren bitartez egiten genituen, eta zaborra ateratzeko, etxeko atea jotzen zigun bertako poliziak”. Itxialdian mediku batek eguneroko jarraipena egiten zien: “Sakelako telefonoko aplikazio baten bitartez, egunean hirutan lauron tenperaturaren inguruko emaitzak bidali behar izan genituen”.
Lasak uste du txinatarrek “izugarrizko azpiegiturak” dituztela herritarren mugimenduak kontrolatzeko. Gainera, bere iritziz, txinatarrak “oso diziplinatuak” dira zentzu askotan: “Zorrotz betetzen dituzte gobernuak ezarritako neurriak”.
Macarena futbol taldea
Txinan hasieratik hartu zituzten neurri estuek emaitza onak izan dituztela dirudi. Izan ere, Lasak dio iazko apirilean kalera ateratzeko aukera izan zutenetik, “bizimodu normala” egiten dutela. Gaineratu du maskara, adibidez, garraio publikoan soilik dela derrigorrezkoa, eta Txinan barrena mugitzeko osasun arloko QR kode bat ere beharrezkoa dela. Aitortu du urte osoan bisitan itzuli ezin izana dela okerrena: “Senarrarentzat eta seme-alabentzat zama handia bihurtu da hori”.
Bien bitartean, bizitzak aurrera jarraitzen du Txinan. Shanghaiko espainiar komunitateak, esate baterako, orain gutxi eratu du emakumez osatutako Macarena futbol taldea. Talde horretako kapitaina da Lasa, eta torneoak jokatzen dituzte beste herrialde batzuetako futbol taldeekin. “Futbolak hemengo bizimodua aldatu dit”, kontatu du, pozik. Cuñado-Lasa familiari aurtengo uztailean amaituko zaie Txinako abentura, eta etxera itzuliko dira, penaz bada ere.