Beasainek igoera fasea jokatzeko beste aukera bat galdu du
1-0 galdu zuen larunbatean Tolosaren aurka. 26 punturekin seigarren postuan daude, igoera faserako postuetan. Azken jardunaldian jokatuko dute asteburu honetan
Beasainek igoera fasea ziurtatzeko beste aukera bat galdu du asteburuan. 1 eta 0 galdu zuen Tolosaren aurka. Bi puntutara hurbildu zaizkie, hiruren faltan. Asteburu honetan ebatziko da nork jokatuko duen igoera fasea, azken jardunaldian. Beasainek Santutxu hartuko du, Loinazen. Bizkaitarrek ziurtatua dute igoera fasea.
Beasaini puntuek azken unean egin zien ihes berriz ere: 88. minutuan jaso zuten gola, jokaldi nahasi batean; baloia, aldaratze baten ostean, area txikiaren ertzean gelditu zen kontrolik gabe eta aurkarien aurrelaria izan zen azkarrena. Orokorrean, aukera gutxiko partida izan zen. Lehen itzulian Beasainek ere 1 eta 0 irabazi zuenez, elkarren arteko golaveragea berdinduta dute eta diferentzia orokorra hartuko da kontuan puntuetara berdinketa apurtzeko. Beasainek balantze hobea du.
Txuri-urdinek 26 punturekin jarraitzen dute. Seigarren postura erori dira, Santutxuk bere partida irabazi eta aurreratu egin baititu. Halere, igoera fasea jokatzeko postuetan mantentzen dira: lehen hiru sailkatuek igoera fase laburra jokatuko dute; laugarrenetik seigarrenerakoek, fase luzea; gainerakoek jaisteko kanporaketak jokatuko dituzte. Tolosak zazpigarren sailkatuak, aurreratu egin ditzake azken jardunaldian. Irabazten badute ezinezkoa da halakorik gertatzea; berdinduz gero, Tolosak bederatzi golen aldeagatik irabazi beharko lioke Deustori; galduta, Tolosak ez irabaztea beharko lukete.
Errematea falta
Jaitsiera fasea ekiditea eskura dutela esan daiteke, baina ezin ziurtatu dabiltza. Aurreko jardunaldian azken hamar minutuetan bi goleko erretan jan zien Realaren hirugarren taldeak. Liga osoan, bost puntu galdu dituzte azken bost minutuetan. Bakarra ere ez dute eskuratu. Zazpi partida daramatzate irabazi ezinik. Azken 21 puntuetatik bost lortu dituzte.
Lehen fasean lortutako puntu guztiak dira baliotsuak, bigarrenera arrastatuko direlako. Beasainentzat, mesede eta kalte. Deusto, nahiz eta lanak eginak dituen, Tolosari irabazten saiatuko da. Baita ere, Santutxu. Beasainek bizkaitarrak menderatzen badituzte igoera fasean euren aurretik hasiko dira.
Pos. | Taldea | Puntuak | JP | IP | BP | GP | EA | AT | KT |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
1 | GERNIKA CLUB S.D. | 43 | 20 | 13 | 4 | 3 | 0 | 39 | 16 |
2 | REAL SOCIEDAD S.A.D. “C” | 40 | 19 | 12 | 4 | 3 | 0 | 48 | 25 |
3 | SESTAO RIVER C. | 36 | 19 | 11 | 3 | 5 | 0 | 38 | 13 |
4 | DEUSTO S.D. | 33 | 19 | 10 | 3 | 6 | 0 | 26 | 23 |
5 | SANTUTXU F.C. | 28 | 19 | 8 | 4 | 7 | 0 | 19 | 22 |
6 | BEASAIN S.D. | 26 | 19 | 6 | 8 | 5 | 0 | 19 | 13 |
7 | TOLOSA C.F. | 24 | 19 | 6 | 6 | 7 | 0 | 20 | 22 |
8 | AURRERA K.E. | 17 | 19 | 4 | 5 | 10 | 0 | 19 | 30 |
9 | BALMASEDA F.C. | 17 | 19 | 3 | 8 | 8 | 0 | 21 | 26 |
10 | SOMORROSTRO J.D. | 16 | 19 | 4 | 4 | 11 | 0 | 19 | 30 |
11 | URGATZI K.K. | 10 | 19 | 3 | 1 | 15 | 0 | 10 | 58 |
1-3, igoera fase laburrera; 4-6, luzera; 7-11, jaitsiera fasera.