Lokal eta eraikinetako garbitzaileek protesta egin dute Legazpin eta Urretxun
Legazpiko udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin ondoren, oinez abiatu dira Urretxura, hango udaletxe parean ere protesta egiteko. Prekarietatea eta gizonen eta emakumeen soldaten arteko arrakala salatu dute lau eguneko greba egiten ari diren langileek.
Erratzak eta zoru garbitzaileak eskuetan hartuta, eta “Soldata arrakalarik ez!” eta “Gure pandemia, prekarietatea” leloak ahoan, gaur goizean protesta ekintza burutu dute Legazpin eta Urretxun, ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta astelehenetik lau eguneko greba egiten ari diren lokal eta eraikinen garbiketa alorreko langileek.
Sektorearen prekarietatea eta gizonen eta emakumeen soldaten arteko arrakala salatu dute. Legazpin udaletxearen aurrean elkarretaratzea egin ondoren, Urretxurantz abiatu dira oinez, han ere udaletxe aurrean protesta egiteko. Bi udal horietan garbiketan lan egiten duten langileen egoera salatzeko aukeratu dituzte bi herriak protestarako.