Mari Romero eta Amets Arzallus aurrez aurre, migranteei buruz
Bi idazleek hitzaldi-solasaldia egingo dute etzi, Latxartegin. Zaporeak elkarteko Irati Azkuek dinamizatuko du saioa. Idatzi dituzten bi liburuei buruz jardungo dute
Hotz Legazpi taldeak Mari Romero idazle legazpiarra eta Amets Arzallus bertsolaria eta idazlea gonbidatu ditu datorren ostegunean, martxoak 18, Latxartegi aretoan hitzaldi-solasaldi bat egitera. Migranteek dituzten arazoen gainean hitz egingo dute, Romerok zein Arzallusek gai horren inguruan idatzitako liburuetatik abiatuta.
Zaporeak elkarteko kide eta komunikazio arduraduna den Irati Azkuek aurkeztuko du eta dinamizatuko du bi idazleren arteko solasaldia. Bide batez, Zaporeak taldeak egiten duen lanari buruz ere hitz egingo du Azkuek.
Saio hori 19:00etan hasiko da. COVID-19a dela eta, Latxartegi aretoaren edukiera mugatuta dago, eta sarrerak eskuratu beharko dira aurrez Romeroren eta Arzallusen hitzaldi-solasaldira joan ahal izateko. Sarrera horiek atzo hasi ziren banatzen kultur etxean, eta bertan jaso daitezke. Soberan geratzen badira, Latxartegin bertan ere egongo dira, ekitaldia hasi aurretik.
Migranteei buruz, bi liburu
Hotz Legazpi elkartearen helburu nagusietakoa «pertsona migranteek egunero duten arazoa agerian uztea da». Ildo horri jarraituz, geroz eta ugariagoak dira herritarren sentsibilizaziorako bideratuta antolatzen dituen ekintzak. Ostegunekoa da horietako bat.
Mari Romerok eta Amets Arzallusek idatzi dituzten bi liburuek migranteen gaia jorratzen dute, eta osteguneko saioan euren esperientziak elkarbanatuko dituzte entzuleekin, gai horren inguruan idazteko arrazoiak azaltzearekin batera.
Arzallusen liburua Miñan da, eta Ibrahimaren istorio gogorra kontatzen du: bere helburua ez zen Europa, baizik eta bere anaia aurkitzea. Romerok ¿Por que no nos dejais entrar? idatzi du. Liburuaren protagonistari Ur izena jarri dio eta bere exodoari buruz hitz egiten du.
Hotz Legazpik azaldu duenez, «bi istorioak borrokaz eta pertseberantziaz beteta daude, baina baita itxaropenez ere, agian, egunen batean, etorkizun hobearen bila datozenen pertsonentzako mugak oztopo ez izatearen itxaropenez».
2.676 litro esne eta 840 euro, Lesbosera bidean
Hotz Legazpik larunbat goizerako egindako deialdiak erantzun paregabea izan zuen, eta legazpiarrek emandako 2.676 litro esne eta 840 euro jaso zituen Azokan, Greziako Lesbos uhartera bidaltzeko.
Lesboseko Kara Tepen errefuxiatuen kanpamenduan banatzeko Zaporeak elkarteak deitutako esne bilketa kanpainarekin bat egin zuen Hotz Legazpik, Urretxu, Beasain eta Ordiziako herritar talde batzuekin batera. Goierriko beste herri horietan ere esne asko jaso dute. Beasainen, 1.500 litro bildu zituzten eta Ordiziako udaletxeko arkupeetako postuan 400 inguru. Ordiziako Eroskin ere jaso zuten esnea. Dohaintzak ere jaso dituzte.
Esne bilketa Gipuzkoako beste herri batzuetan ere eginda, eta 30.000 gora litro bildu dira. Bildutako esnearekin eta han erositako frutarekin, 7.200 laguni oinarrizko elikagaiak bideratzea da Zaporeak elkarteak martxan jarritako egitasmo honen helburu nagusia.