Udal antolaketa egitura eraginkorra izatea, Gobernu Planaren helburua
Uneko agintaldia gidatuko duen dokumentua astelehenean onartu du Gobernu Batzordeak. Zazpi helburu estrategiko jasotzen ditu plangintzak
Koldobike Olabide alkatea buru duela, Legazpiko Udaleko Gobernu Taldeak 2019-2023 agintaldirako Gobernu Plana aurkeztu die herritarrei. Dokumentua ia urte beteko atzerapenarekin osatu dute, pandemiaren ondorioz, baina herriaren gaurko egoerara egokitua izan da.
Gobernu Batzordeak astelehenean onartutako dokumentua da 2019-2023 agintaldirako Gobernu Plana, eta udalaren webgunean dago jasota, eta herritar guztien eskura: legazpi.eus.
Ez ohiko tresna
Indarrean dagoen agintaldia gidatuko duen Gobernu Planaren helburua, udal antolaketa «egitura arin, moderno, garden eta, batez ere, eraginkor eta efizientea» bihurtzea da, dokumentuaren aurkezpenean jaso dutenez. 2015-2019 agintaldian hasitako «lan ilusionagarriaren jarraipena da», eta toki administrazioan «ez ohiko tresna» bat, baina «berritzailea delako, erakargarria da».
Gobernu Plana alkatetzak gidatu du, eta udaleko Zuzendaritza Taldearen eta Herritarrak, Lurraldea eta Antolaketa arloen lankidetza eta inplikazioa izan ditu. Dokumentuaren lanketan ari zirenean, COVID-19aren eraginez alboratu egin behar izan zuten «pandemiak sortu dituen bestelako behar ugariei erantzuteko». Atzerapenarekin iritsi da, beraz, baina «Legazpiko egungo errealitatera egokituta» dago.
Zazpi helburu estrategiko
Legazpiko Udalaren antolaketa egitura arina, modernoa, gardena eta bereziki eraginkorra bi- hurtzeko bidean, Gobernu Planean zazpi helburu estrategiko jaso ditu Gobernu Taldeak. Gainera, «urrats bat gehiago» egin dute, eta Garapen Jasangarrirako Helburuak ere bertan txertatu dituzte.
Antolaketa arloari dagozkion helburu estrategikoak, Legazpikoa «udal eraginkorra» eta «udal eredugarria» izatea dira.
Lurraldea atalari dagokionez, «hirigintza harmoniatsua eta erresilientea» jaso dute helburuen artean, eta horrekin batera, baita «ondare publiko egokia eta hobetua» ere.
Herritarrak atalean, azkenik, beste helburu hauek aipatu dituzte: arreta, babesa eta garapen sozial berritzailea bermatzea; gizarte euskalduna, aktiboa eta parte hartzailea sustatzea; eta garapen sozioekonomikoa bultzatzea.