Maite Ormazabal gustura, Gizarte Zentroko tabernaren kargua hartuta
Martxoaren 8tik dago berriz ere martxan, urte bete itxita egon ondoren. Bertan urte askoan lan egindakoa da Ormazabal. Herritar guztientzako dago zabalik zerbitzua
Urte bete itxita egon ondoren, martxan da berriz Legazpiko Gizarte Zentroko taberna eta jatetxe zerbitzua. COVID-19ak eraginda, 2020ko martxoan itxi zuten ‘Jubilatuetako taberna’, konfinamendu agindua baino lehenago, eta aurtengo martxoaren 8an ireki ditu atzera.
Udalak zerbitzuaren lizitazio berria egin ondoren, aurrez taberna horretako barraren atzean eta sukaldean eskarmentu handia duen Maite Ormazabalek hartu du ardura. Ilusio handiarekin eta pozik hasi da lanean.
Gizarte Zentroan 20 urte
Segurarra da jaiotzez Maite Ormazabal, baina badira 24 urte Legazpin bizi dela. Gizarte Zentroan, berriz, duela 20 urte hasi zen lanean, taberna Jesus Garridok eta Maribel Marcosek zeramaten garaian. Gero, tarte batez lan hura utzi eta beste zeregin batzuetan jardun zuen, duela sei urte itzuli zen arte. Gureak taldeko Sutondo enpresak kudeatzen zuen orduan zerbitzua.
Tabernan eta sukaldean, bietan egin zuen lan lehen aldian zein bigarrenean Ormazabalek, baina azken urteetan sukaldean aritu da gehien, pintxoak, ogitartekoak, haurrentzako meriendak eta otorduak prestatzen, tartean Eguneko Zentroko erabiltzaileentzako bazkariak.
Herritar guztientzat
Martxoaren 8an hasitako etapan Ormazabal bera da arduraduna, eta zerbitzua ekonomikoki kudeatzeaz gain, lehengo lan berarekin jarraitzen du, tarteka alaba Maialenen laguntzarekin. Eramateko janaria ere egiten du orain, baina bestela, ohiko kafeak eta edariak, eta pintxoak eta errazioak ditu aukeran: salda, hirugiarra, txorixoa, tripakiak, urdaiazpikoa… Eguneko menua ere eskaintzen du, eta Eguneko Zentrokoei ere prestatzen dizkie bazkariak eta meriendak.
Urte bete itxita egon ondoren heldu dio Ormazabalek zerbitzuari, lokala margotu eta txukundu ondoren. Hasiera poliki doala azaldu du, betiko bezeroek hara joateko ohitura galdu dutelako, eta COVID-19aren aurreran oraindik beldurra dagoelako. Alde horretatik, leku segurua dela dio, lehen 200 lagunentzako edukiera zuen eta orain 88koa.
Mahaiak distantziak mantenduz antolatu dituzte, garbiketa eta desinfekzioa etengabekoa da… Herritar guztiei zuzendutako zerbitzua dela ere nabarmendu du Ormazabalek, ez bakarrik jubilatuentzako eta pentsionistentzako.
Astelehenetik ostiralera zabaltzen du, 08:30etik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Itxiera ordurako Junetorri autobusa ateraino joaten da, lehen bezala.