Ordizia, denboran barrena
Lehen ordiziarrek San Bartolome inguruan egindako asentamendua eta Erdi Aroko hiribildua ezagutzeko bisita gidatua egin dute gaur
Ordiziako Turismo Bulegoak herriaren hastapenak eta historia ezagutzeko bisita gidatua antolatu du gaur goizean. D’elikatuz Goierriko interpretazio zentrotik hasi eta San Bartolome ermitatik pasa ostean, Ordiziako elizan amaitu dute bisita inguratu direnek.
Lehenik eta behin, Ordiziaren 750. urteurrenean egindako maketa ikusteko aukera izan dute interpretazio zentroan bertan. Maketa honek, 18. mende hasierako Villafranca herria irudikatzen du, harresiekin inguratuta. Gidariak aipatu duenaren arabera, “herri askotako alde zaharrak desfasatuta geratzen diren arren”, Ordizian hain zuzen alde zaharra bera da herriko erdigunea eta “eguneroko bizitza” bertan egiten dute herritarrek.
Gaur egun Ordizia izenez ezaguna den herriaren sorrera San Bartolome ermita inguruan eman zelarik, horraino bertaratu dira bisitariak honen gaineko historia gertuagotik ezagutzeko asmoz, eta bertan ezagutu ahal izan dituzte Ordiziak urteetan zehar izan dituen izen ezberdinen gaineko nondik norakoak: Herdicia, Villafranca de Oria eta Villafranca de Ordizia. Behin hori ikusita, Ordiziako elizara joan dira hiribildutik zehar bisitari amaiera emateko.