Urko Arregi eta Aroa Arrizubieta, Osinalde saritik gertuago
Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Urko Arregi oñatiarra izan dira gaurko kanporaketan Osinalderako txartela lortu duten bi bertsolariak. Entzuleen saria ere gasteiztarrak eraman du gaurkoan.
Aurreko urteko geldialdiaren ostean eta Osinalde sariketarekin aurrera jarraitzeko asmoz, Latxartegi aretoan bildu dira gaur Aztiria sariaren kanporaketan abestu duten sei bertsolariak. Danel Olano getariarra, Asier Alcedo portugaletetarra, Lurdes Ondaro munitibartarra, Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Aissa Intxausti leikeitiarra izan dira bertan. Seigarren bertsolaria Oñatitik etorri den Urko Arregi izan da, gaur sariketarako deituta zegoen baina etortzerik izan ez duen Garazi Navarro amorotoarraren ordez.
Lehendabiziko hartuemanean afari ondorengo saioetan sortzen den berotasunaren falta nabari zen arren, hasierako agurren ondoren berehala epeldu dute aretoa Eresti Oiarbide aurkezlearen gidaritzapean aritu diren sei bertsolariek. Bi orduz binaka nahiz banaka bertsotan ibili eta gero, gaurkoan epaile lanetan aritu diren Asier Iriondo, Joxe Arizkorreta eta Ane Beloki sariketako bi hautatuak adosteko bildu dira. Bitartean, entzuleei saio hasieran banatu dizkieten paper batzuen bidez, gaurko bertsolari gogokoena aukeratzen ibili dira saiora gerturatu diren bertsozaleak.
Aroa Arrizubieta izan da gaurko saioan entzuleen saria jaso duen bertsolaria. Aztiria Bat elkarteko kidea den Judith Arsuagaren eskutik jaso ditu gasteiztarrak sari moduan eman zaizkion oroigarria eta gazta. Bestetik, Urko Arregi oñatiarra eta Aroa Arrizubieta bera izan dira gaurko saioan Osinalde sarirako txartela eraman duten bi gazteak.
Bihar Zaldibian
Osinalde sariketarako kanporaketekin jarraitzeko asmoz, beste sei bertsolari izango dira bihar Zaldibian elkartuko direnak Osinberde saria jokatzeko. Ane Zuazubiskar, Xabat Illarregi, Lierni Rekondo, Paule Loizaga, Ane Peñagarikano eta Gorka Pagonabarraga izango dira bihar Joxi Irastortza aurkezlearen gidaritzapean ibiliko direnak.