Ane Zuazubiskar eta Xabat Ilarregi izan dira Osinberde sariketako sailkatuak
VIII. Osinberde Saria Ane Zuazubiskarrek eraman du, eta entzulearena Xabat Ilarregik. Biak sailkatu dira Osinalde sariketarako.
Atzo Legazpian jokatutako Aztiri sariaren ostean, Zaldibia izan dute gaur topagune Osinalde sariaren kanporaketan sartzeko txartelaren bila ibili diren bertsolariek. Zaldibiako Herri Antzokiko eserleku guztiak bete dituzte gaur arratsaldean Osinberde sariketa ikustera joan diren bertsozaleek. Ane Zuazubiskar arrasatearra, Xabat Ilarregi leitzarra, Lieni Rekondo lasartearra, Paule Loitzaga sopelarra, Ane Peñagarikano zarauztarra eta Gorka Pagonabarraga durangarra izan dira gaur Osinalde sariketarako txartelaren bila kantuan ibili diren sei bertsolariak.
Joxi Irastortza izan da 17:00etan hasi eta 19:00etan amaitu den saioa aurkezten ibili den gai-jartzailea, eta epaile lanetan berriz, Martin Aramendi, Alaitz Sarasola, Mikel Urteaga eta Iñaki Murua aritu dira. Saio amaierako agurren ondoren eta epaileak bildu bitartean, atzo moduan, entzuleen saria eramango zuen bertsolariaren botaketa egin dute ikus-entzuleek.
Koronabirusak eragindako egoera dela eta, kantuan aritu diren sei bertsolariek bakarrik eta banan banan joan beharra izan dute gaurko saioko oroigarria jasotzera. Azkenerako, Joxi Irastortzak epaile zein entzuleen epaia jakinarazi die bertsolariei. Bertaratu direnek, Xabat Ilarregi leitzarra aukeratu dute entzuleen sariaren irabazle moduan. Bestalde, Ane Zuazubiskar arrasatearra izan da bi urte jarraian VIII. Osinberde Saria eraman duena. Biak ala biak, martxoaren 27an Gabirian jokatuko den Osinalde sariketarako txartela ere lortu dute gaurkoan.
Bihar Ordizian
Osinalde sarirako kanporaketekin amaitzeko asmoz, Ordiziako Herri Antzokian bilduko dira bihar falta diren gainontzeko sei bertsolariak. Ibai Amillategi gernikarra, Oihana Arana eskoriatzarra, Unai Izagirre azkoitiarra eta Iker Ormazabal hernaniarra izango dira bertsotan arituko direnak. Azken bi bertsolariak Lander Arizmendi ordiziarra eta Maddi Aiestaran beasaindarra izango dira, aurtengo edizioan parte hartu duten bi goierritar bakarrak.