Badator Argentinatik abiatu den «Bizi gira… Kutxa bira!» ekimena
Atzo abiatu zen «Euskaraz bizi nahi duen herri libre bat» aldarrikatzen duen kutxa Argentinako Viedma-Patagones eskualdetik. Itsasoa gurutzatuta eta Euskal Herriko hainbat herrietatik pasa ostean, Seguran izango du azken geltokia
Covid-19ak eragindako osasun krisia dela eta, Urruña eta Segurako herritarrek sortutako Iparra-Hegoa elkarteak ezin izan zuen urteroko ekimen bateratua gauzatu pasa den urtean. Besoak gurutzatuta geratzea aukeren artean ez zegoenez, euskal diaspora eta Euskal Herria batzen dituen ekimena martxan jartzea erabaki zuten.
Pasa den otsailaren 16an aurkeztu zuten “Bizi gira… kutxa bira!” egitasmoa Iruñean eta harrezkeroztik lanean jarraitu dute ekimena osatzeko ekintzak prestatzen. Martxoaren 1ean iritsi zen kutxa poltsa berezi batean Argentinara, ekimenaren abiapuntua izan den Viedma-Patagones eskualdera. Kutxa honek Amets Arzallus bertsolariak idatzitako mezua gordetzen du, sare sozialetara igotako «Hitza da gure lurra» izeneko bideoan ikusgai dagoena.
Argentinatik abiatu den kutxak, apirilaren 8an zapalduko du berriro ere Euskal Herria, lehenengo geldialdia Baionako Etxepare lizeoan eginez. Kutxa 72 egunez ibiliko da biraka eta 71 herritatik pasako da. Apirilaren 24an Goierriraino helduko da kutxa, Idiazabalen, Zerainen eta Zumarragan geldialdiak eginez. Hurrengo egunean Legazpira joango da, eta ez da Goierrira itzuliko maiatzaren 30a arte, Seguran lurreratu eta ekimenari amaiera emango zaion egunera arte.