Unai Izagirre eta Ibai Amillategi izango dira Osinaldeko azken bi finalistak
Unai Izagirre azkoitiarra eta Ibai Amillategi gernikarra izan dira Argi-Berriko saioan Osinalden jokatuko den finalerako txartelak lortu dituzten azken bi bertsolariak. Entzuleen saria ere Amillategik eraman du.
Beti ere segurtasun neurriak errespetatuz, jendez lepo bete da Ordiziako Herri Antzokia gaur eguerdian. Atzo Zaldibian jokatutako Osinberde saria eta gero, Argi-Berri zen Osinalderako kanporaketekin amaitzeko falta zen bertso saioa. Ibai Amillategi gernikarra, Oihana Arana eskoriatzarra, Unai Izagirre azkoitiarra, Iker Ormazabal hernaniarra, Lander Arizmendi ordiziarra eta Maddi Aiestaran beasaindarra egon dira gaur oholtza gainean bertsotan. Azken bi hauek izan dira aurtengo kanporaketetan parte hartu duten goierritar bakarrak.
Igor Eguren aurkezlea gai-jartzaile lanetan aritu den honetan, eskerrak eman dizkie saiora hurbildu diren ikus-entzuleei: «Egoerak egoera, aurten iaz ez bezala, saioa egitea lortu dugu azkenean. Formatu aldaketak gauza txarrak izango ditu noski, baina onak ere bai. Aspaldian ez dugu ikusi ehun lagundik gora Argi-Berri sariketan, besteak beste espazioak uzten ez duelako, ez jendeak etorri nahi ez zuelako».
Normalean sariak ematen pertsona bat baino gehiago ibiltzen diren arren, gaurkoan egoerak hala behartuta Aitor Calvillo izan da soilik Argi-Berriren izenean opari eta sariak banatzen aritu dena. Bertsolari bakoitzak, Lazkao Txiki zenaren pasadizoak jasotzen dituen Irriz eta malkozen tomoak jaso eta gero, Ibai Abillategi gernikarra izan da gaurkoan entzuleen saria irabazi eta Anton Mendizabal eskultoreak egindako Txikia oroigarria jaso duen bertsolaria. Bestalde, Egurenek jakinarazi duenaren arabera, epaileek Unai Izagirre eta Ibai Amillategi bera hautatu dituzte datorren astean ospatuko den Osinalde sariketarako parte hartzeko.
Lander Arizmendi eta Maddi Aiestaran bertsolari goierritarrek atsegin handiz agurtu dute gaur Ordiziako publikoa. Aiestaranek aipatu duen moduan, «barea eta azea» beti lehian aritzen diren arren, Ordizia «bizilagun» bikaina izan dela aitortu du. Arizmendi ere gustura ibili etxean abesten zuen lehen aldi honetan, eta eskerrak eman nahi izan dizkie batez ere urduritasunak ahaztu eta etxeko goxotasuna sentitzeko aukera eman dioten lagun zein familiartekoei.
Finala Gabirian
Aurtengo saioekin amaitzeko, Osinalde finala martxoaren 27an jokatuko dute Gabiriako Andre Mari elizan kanporaketetan sailkatu diren sei bertsolariek. Urko Arregi, Aroa Arrizubieta, Ane Zuazubiskar, Xabat Ilarregi, Unai Izagirre eta Ibai Amillategi izango dira Osinalde sariaren bila arituko direnak.