Aberri Egunean "keinu bat batera" egiteko deia
Euskal Herria Batera egitasmoak Aberri Eguna ospatzeko eta «Euskal Herri burujabea» aldarrikatzeko deia egin du apirilaren 4rako. Bideoa ere aurkeztu dute.
Euskal Herria Batera herri ekimenak #keinubatbatera kanpaina aurkeztu du, aurtengo Aberri Egunari begira. Apirilaren 4an «Euskal Herri burujabea» aldarrikatzeko deia egin diete herritarrei. Pandemia dela eta ekitaldi handirik egiterik izango ez bada ere, Aberri Eguna Euskal Herri osoan ospatzea nahi dute, eta bide horretan, «kantua izango da batuko gaituzten keinuetako bat».
Horretarako, ikus-entzunezko seinale bat zabalduko dute, 12:30ean, irrati, tokiko telebista, hedabide eta sareen bidez. Emisio horrek hiru abesti jasoko ditu: Gernikako arbola; Txoriak txori; eta Ikusi mendizaleak. Gaur aurkeztu dute emisio horren aurrerapen bideoa. Bertan, hainbat euskal artistak hartu dute parte, besteak beste, Erramun Martikorena, Niko Etxart, Gontzal Mendibil, Xabi Solano edota La Furia RAP abeslaria daude horien artean.
- AGIRIA: ‘Keinu bat batera’ adierazpena eta atxikimenduen zerrenda