Aratz Cendon ordiziarra Espainiako txapeldun bola jaurtiketan
Txindoki Grupo Jaso atletismo taldeko atleta gazteak urrezko domina lortu du Oviedon, 16.59 metroko jaurtiketa eginda.
Albiste ona Txindoki Grupo Jaso atletismo taldetik iritsi dena. Aratz Cendon ordiziarrak, urrezko domina lortu du pisu jaurtiketan (4kg), asteburuan Oviedon (Asturias) jokatu den 16 urtez azpiko pista estaliko Espainiako atletismo txapelketan.
Oraingo honetan, iragan abenduaren 20an Madrilen lortutako Espainiako txapeldun titulua defendatu behar izan du atleta ordiziar gazteak, 15.66 metroko jaurtiketa eginda irabazi baizuen. Marka horrek, titulua bakarrik ez, 2020. urtean modalitate eta kategoria horretako estatuko rankingaren buru izatea ere ekarri zion.
Asteburukoan baina, aurreikuspen guztiak gainditu zituen, aurretik egindako jaurtiketak hobetuz, 16.59 metrora bota zuen 4 kiloko bola.
Negu ona eginda
Azpimarragarria da Cendon egiten ari den kirol ibilbidea. Negu ona egin du, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelduna izan da eta Espainiako txapelketara, 15.90 metroko marka pertsonalarekin joan da. Hala, etorkizunean ere gertutik jarraitzeko moduko eboluzioa izan dezake.