Ataunen 638 herritar izan dira Covid proben baheketan
Osasun Sailak deituta, martxoaren 5etik 20ra hiru tabernatan ibilitakoen artean kasu positiboak atzemateko, erroldatuen %37 joan dira probetara. Intzidentzia-tasa 1.488 da
Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketa zabala egin zuten atzo arratsaldean, Ataunen. Auzoeta kiroldegian egokitu zuten PCR laginak hartzeko gune erraldoia, eta 638 ataundar joan ziren hara, erroldatutako 1.696 lagunen %37,1. Emaitzak bizpahiru egun barru aterako dituzte.
Zehazki, aurreko bi asteetan Ataungo hiru tabernatan ibilitako herritarren artean egin dute COVID-19 koronabirusa atzemateko proben deialdia: Troskaetan, Urbietan eta Sutegin.
Auzoeta kiroldegian arratsaldean etengabea izan zen herritarren joan-etorria. Ordua hartuta joan behar zen. «Txanda hartuta 625 edo 630 herritar daude, baina gehiago izan litezke eguna bukatzerako. Gaur [atzo] bakarrik egingo ditugu probak hemen», esan du baheketaren arduradunak.
Atzo 1.488,27ko intzidentzia-tasa metatua zeukan Ataunek. Azkeneko zazpi egunetan 19 herritarrek eman dute positibo.
Neurriak, bere horretan
Eusko Jaurlaritzak herrien arteko mugikortasuna onartu zuenetik bi aste baino gehiago igaro dira. Iñigo Urkullu lehendakariak esan zuen neurriak hala mantenduko zirela aste santuak igaro arte. Halere, aipatu zuen hogei egunen buruan etzi beteko dira Labiko aholku batzordea bildu egingo zela egoera aztertzeko eta, behar izanez gero, neurriak egokitzeko. Jaurlaritzaren Irekia webgunean ez dago Labiaren bilerarik programatuta. Neurriak ez direla aldatuko iragarri daiteke.
Ostiraletik aurrera neurriak apur bat arinduko dira, sei laguneko taldeak onartuko baitira aire librean. Toki itxietan lauko bilkurak izaten jarraitu beharko dute. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiar estatuko autonomietako presidenteek hala adostu zuten, Aste Santua dela eta.