Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolek antolatuko dute Kilometroak 2021
Euskarari eta euskal kulturari plaza bat ematea izango du helburua pandemia garaiko festak, eta urriaren 3an izango da egun nagusia. 'Batera, bagara, bat gara' leloa izango du, eta logotipoa ere aurkeztu du, 1 zenbakiarekin irudikatua.
Gipuzkoako ikastolen urteroko jaia egingo da aurten ere. Goierrin izango da, Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito eta Ordiziako Jakintza ikastolek antolatuko baitute. Urriaren 3an hartu dute jai egun nagusitzat, ohi bezala urriko lehenengo igandea. Egun horren inguruan prestatuko dute egitaraua, oraindik zehazteke. Osasun egoerak baldintzatuta eta horrengana egokitutakoa izango dela aurreratu dute.
Bai formaz, bai luzapenez, Kilometroak “xumea” izango dela nabarmendu dute Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak eta hiru ikastolen ordezkariek gaur, Donostiako Ikastolen Etxean egin duten aurkezpenean. Dirua ateratzeko helbururik ez du izango, pandemia betean egoera ez dagoelako horretarako. Aitzitik, “euskarari eta euskal kulturari plaza bat” eman, hiru ikastolen arteko elkarlana estutu, eta ikastolen ezaugarriak plazaratzeko baliatuko dute.
Leloa eta irudia badituzte dagoeneko Goierriko Kilometroek. Batera, bagara, bat gara leloa aukeratu dute, Gipuzkoako ikastoletako ikasleen artean jasotako 241 proposamenen artetik. Bestetik, Ikastolen Etxeko diseinu taldeak landu du logotipoa, 1 zenbakiaren barruan forma, neurri eta kolore askotako eraikinak edo pertsonak irudikatzen dituena.
Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak iaz ekin zion Kilometroen eredu berriari, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eskutik. Pandemiak, ordea, nahi bezalako erritmoa eta garapena ematen ez diela utzi aitortu du Kilometroak Kultur Elkarteko Nekane Artolak. Aro berriko bigarren jaia izango da Goierrikoa, urriaren 3an, Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolek elkarlanean antolatua.