Bizikidetza eta memoria sustatzeko bi ekitaldi egingo dira Igartzan
Gaur mahai-ingurua egingo dute Igartzan, polizia-abusuen biktimen aitortza gaitzat hartuta. Hilaren 29an, berriz 'In dialogue' dokumentala emango dute.
Polizia-abusuen biktimen aitortza eta erreparazioari buruzko mahai ingurua egingo dute gaur, Igartzako Jauregian, 19:00etan. Bizikidetza eta memoria sustatzeko ekitaldien artean lehena izango da.
Laura Pego Otero eta Ana Isabel Perez Machio zuzenbidean doktoreak izango dira hizlariak. Motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan torturaren eta tratu txarren biktimen eta poliziaren beste gehiegikeria batzuk jasan dituztenen arretaren eta tratamenduaren ibilbidea eta gaur egungo egoera aztertuko dituzte.
Martxoaren 29an, berriz, In dialogue Elkarrizketan dokumentala eskainiko dute. Igartzako Jauregian izango da, 19:00etan. IRAko eta talde paramilitar unionisteko kide ohien, soldadu britainiar ohi baten eta polizia ohi baten arteko elkarrizketa du ardatz. Emanaldia ingelesez izango da, gaztelaniazko azpitituluekin.
Talde eragilea
Beasaingo bizikidetzaren aldeko taldeak ondutako programazioa da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Baketik Fundazioarekin batera. Beasaindar guztiei egin diete saioetan parte hartzeko deia.
2017an sortu zen bizikidetzaren aldeko taldea, udal gobernuak eta udaleko hiru alderdi politikoek bultzatutako ekimenaren ondorioz. Herriko hainbat eragile ere bertan daude.