Lazkaon baheketa orokorra egingo du Osasun Sailak
Ostegunean eta ostiralean, Barandiaran kiroldegian PCR probak egitera joateko deitu ditu 19-59 urte bitarteko lazkaotarrak.
Osasun Sailak lazkaotarrei COVID-19 koronabirusaren PCR probak egingo dizkie. Baheketa orokorra antolatu du aste honetan bi egunetarako: ostegunean (martxoak 25) eta ostiralean (26), arratsaldean 15:00etatik 20:00etara. 19 eta 59 urte bitarteko herritarrei dei egin die. Barandiaran kiroldegian jarriko dute probak egiteko lekua.
Baheketara joateko aurrez txanda hartu behar da, Lazkaoko Osasun Zentrora hots eginda. Asteazkenean (martxoak 24) 09:00etatik aurrera deitu behar da 943 80 55 60 telefono zenbakira. Probaren emaitzak SMS bidez bidaliko dizkiete ondoren herritarrei.
Lazkaon, gaurko txosten epidemiologikoaren arabera, 1.349,43ko intzidentzia-tasa metatua dago. Azkeneko zazpi egunetan 35 lagunek eman dute positibo COVID-19arekin.