Urolako lau mosketariak
Ander Badiolak 300. partida jokatu du Urolarekin eta zuzendaritzak oroigarri bat oparitu dio. Ekitaldian 300 partida jokatu dituzten beste hiruek parte hartu dute: Matias Sanchez, Iñaki Ibarzabal eta Iñaki Aranzadik.
Urte asko itxaron behar izan da, baina azkenean azaldu da Urola futbol taldearen laugarren mosketaria. Urolaren mosketari taldea Zumarragako eta Urretxuko taldearekin 300 partida jokatu dituzten jokalariek osatzen dute. Titulu hori lortu zuen lehena Matias Sanchez izan zen. Ondoren, Iñaki Ibarzabalek lortu zuen. Hirugarrena, Iñaki Aranzadi izan zen. 20 urte baino gehiago itxaron behar izan da, baina Urolak laugarren mosketaria lortu du azkenean: Ander Badiola atzelaria da.
Klubak oroigarri bat oparitu dio eta ekitaldian Sanchezek, Ibarzabalek eta Aranzadik parte hartu zuten. Gizartea eta futbola asko aldatu dira eta egun askoz ere zailagoa da gazte batek bere herriko taldean 300 partida jokatzea: gazteek aisialdian askoz ere aukera gehiago dituzte eta herrietako futbol taldeek garai bateko indarra galdu dute. Baina zailtasunak zailtasun, Badiolak denboraldi mordoxka daramatza lehen taldean.
Badiola 1989an jaio zen. Umetan pilota eta futbola uztartu zituen. «Aukeratzeko ordua heldu zenean, 15 bat urterekin, futbola aukeratu nuen».
Atzelaria
Urola bihotzean darama, Josetxo aitak ere herriko taldean jokatu baitzuen. Semeak, bai pilotan eta bai futbolean, beti atzelari postuan jokatu du. Hasieran hegalean jokatu zuen eta egun erdiko atzelaria da.
18-19 urterekin debutatu zuen lehen taldearekin. 300 partidetatik, bat gogoratzen du bereziki. «2017an Ohorezko Erregionala mailara igotzeko finala jokatu genuen, Allerruren aurka. Joaneko partidan 2 eta 1 galdu genuen eta itzulikoan, Argixaon, 3 eta 1 irabazi. Jende asko joan zen partida ikustera. Inoiz ez dut Argixao hain betea ikusi. Txartel gorria atera zidaten eta ikusleek sekulako txalo zaparrada eskaini zidaten. Izan ere, partida ona jokatu nuen eta derrigor egin beharreko falta bategatik kaleratu ninduten. Txalo zaparrada hura ez dut inoiz ahaztuko».
Zer egin behar den ondo dakien duen jokalaria da, hain zuzen ere. «Ondo dakit zertan nabilen. Ez naiz goi mailakoa, baina beti maila ona ematen dut. Ez dut gorabeherarik izaten».
Urolan oso gustura
Ofizioa izatea oso ondo baloratua dago eta inguruko talderen baten eskaintza izan du, baina ez du inoiz Urola utzi. «Urolan oso giro ona dugu, lagunak ditut eta beti oso ondo tratatu naute. Urolak heziketa eman dit eta Urolari esker lagun asko egin ditut: taldekoak eta beste talde batzuetakoak».
Baina gaztaroa bukatzen ari zaio eta gaztaroko azken urteetan beste gauza batzuk probatu nahi ditu. «Ez dakit denboraldi honen amaieran utziko dudan edo denboraldi bat gehiago jarraituko dudan. Izan ere, gazteei tokia utzi behar zaie eta beste gauza batzuk egiteko gogoa dut. Futbolak denbora asko kentzen dizu. Nahikoa egin dudala uste dut eta asteburu pasak egiteko gogoa dut».
Dena den, ez du futbola erabat uzteko asmorik. «Entrenatzaile titulua ateratzen ari naiz eta aurrerago Urolaren talderen bat entrenatu nahi dut».
Esker ona
Bukatzeko, eskerrak eman nahi ditu. «Koronabirusa dela eta, partidak ikuslerik gabe jokatzen ari gara. Oroigarria ikuslerik gabe jasotzea pena da, baina jende askok idatzi dit zoriontzeko. Zuzendaritzako kideei eskerrak eman nahi dizkiet egiten duten lanagatik. Egiten duten lana ez da ikusten, baina klub batean lan asko egin behar da. Delegatuei eta taldekideei ere eskerrak eman nahi dizkiet».