Goi mailako ikasketak dituzten langabetuentzako Hazilan programa, zazpigarrenez
UGGASAk bideratuta, formakuntza eta inguruko enpresetan praktikak eskaintzen ditu. Apirila eta uztaila bitartean gauzatuko da programa. Langabetuen laneratzea erraztea da helburua
UGGASA Urola Garaiko Garapen Agentziak bideratutako Hazilan programaren zazpigarren edizioa martxan jarriko dute apirilean hasi eta uztailera bitartean. Programan parte hartzen dutenek lana bilatzeko gaitasunak indartzeko formakuntza jasoko dute, eta arlo ezberdinetako enpresetan 200 orduko praktikak burutu ahal izango dituzte.
Formakuntza 80 ordukoa izango da, eta UGGASAko teknikariek emango dute. Saioak apirilaren 19an hasiko dira, 09:30etik 13:30era arteko ordutegiarekin. Maiatzean, euren profil eta interesen araberako praktikaldia hasiko dute partaideek, eskualdeko hainbat enpresatan. Informazio gehiago jasotzeko 943 25 00 98 zenbakira deitu daiteke, edo mezu bat bidali lanpoltsa@uggasa.eus helbidera. www.uggasa.eus webgunean ere badago informazioa.
Goi mailako ikasketak
Hazilan proiektua goi mailako ikasketak dituzten 44 urtez azpiko langabetuei zuzenduta dago, eta horien laneratzeko aukerak eta bideak hobetzea du helburutzat. Urola Garaiko Garapen Agentziaren esanetan, «bizitzarako eta lanerako garrantzitsuak diren gaitasunak sustatzeko eta kudeatzeko, eta nork bere burua ezagutzeko nahiz ezagutarazteko, esperientzian oinarritutako ikasketa prozesu baliotsua» da Hazilan. Partaideek kontaktuak egiteko aukera baliatu ahal izango dute, eta lan merkatuan txertatzeko ikusgarritasuna ere lor dezakete.
Programaren helburua enpresa, aditu eta herritarren arteko elkarlana bultzatzea da, «arlo ekonomikoa sustatzeko eta gizarte ongizate osasuntsua lortzeko ekosistema aktibo bat sortuz».
UGGASAk Urola Garaiko Mankomunitatea garatzeko duen konpromisioaren barruan kokatzen da Hazilan. Ildo berean, garapen agentziako enplegu orientatzaileek langabezian dauden profesionalentzat bide berriak erraztu eta garatzeko lanean dihardute, uneoro eskualdeko lan poltsa aztertuz eta lanketak eginez.
Euskal Herriko 2014-2020 Programa Operatiboaren bidez garatuko da Hazilan. Proiektu horren finantziazioraren erdia Europako Gizarte Funtsak eman du, eta Garapen Agentzien Euskal Elkarteak koordinatzen du.