Ignaziotar lurraldeari buruzko informazio panelak hiru herritan
Legazpin, Urretxun eta Zumarragan jarri dituzte bidearen inguruko informazio panelak.
Urola Garaia, Urola Erdia eta Debagoiena mankomunitateek sustatutako Ignaziotar Lurraldea turismo proiektuari buruzko informazio panelak jarri dituzte Legazpin, Urretxun eta Zumarragan. Aste Santua bertan da, eta Urola Garaiko Turismo Bulegoa turismo kanpainari begira jarri da ekintza horrekin.
Legazpin, Urretxu-Zumarragatik datorren bidegorrian jarri dute panela, lantegien eremura iritsi aurretik. Urretxun, Urolako Bide Berdetik etorrita herriko sarreran jarri dute, eta Zumarragan, Antioko ermitara doan oinezkoentzako sarreran. Karteletan, mapa bat, herri bakoitzari buruzko informazioa eta interes turistikoko guneak ageri dira.
Ignaziotar Lurraldearen barruan Ignaziotar Bidea, Hiru Tenpluen ibilbidea eta hiru eskualdetako herrietako baliabide historikoak, artistikoak eta kulturalak elkartzen dira. Turismo-proiektu horrek Europako Batzordearen Eden saria jaso zuen, eta harekin 2017-2018 urteetarako Europako jomuga bikainetako baten izendapena.