Adinekoak artzainekin elkartu dira eta arkume jana egin dute
Festa Argixao egoitzan egin dute, normaltasunera itzuli direla ospatzeko, Larsabi artzain elkartearen eskutik. Gaur Urretxuko eguneko zentroan egingo dute
Zumarragako Argixao adinekoen egoitzako egoiliar eta langileek pixkanaka normaltasunera itzultzen ari direla ospatu zuten atzo, Larsabi elkartearen eskutik. Larsabi elkartea 41 artzainek osatzen dute eta ama esnez hazitako latxa arkumeak oparitu zizkieten. Adinekoek Mariano Imaz eta Peio Etxeberria artzainekin solasaldia izan zuten eta ondoren arkumea jan zuten, besteak beste.
Egun osoan zehar, artzaintzarekin zerikusia duten jarduerak egin zituzten: betaurreko birtualak jarri zituzten, artzaintzari buruzko dokumentalak ikusi zituzten eta artzaintzarekin lotutako jolasak egin zituzten. Imaz eta Etxeberriarekin baserriko lanei buruz hitz egin ondoren, arkume gisatua jan zuten. Ahal zutenek, baita burruntzian prestatua ere. Gazta eta txakolina ere dastatu zituzten.
Larsabiren egitasmo honen helburua adinekoei egindako lana eskertzea eta beraien zaintzaileei gizartearen alde egiten duten lana aitortzea da.
Mariano Imaz ataundarra, Larsabi elkarteko lehendakaria, oso gustura ageri zen. «Bai adinekoen egoitzetako egoiliar eta langileek eta bai artzainok argi izpi bat ikusten ari garelako antolatu dugu festa. Eguraldi ederra egin du eta egun borobila izan da. Egoiliarrei eta langileei errutinatik irteteko balio izan die eta asko eskertu digute festa antolatu izana. Gu ere ezin gusturago izan gara».
Langileen iritzia
Jone Eguren Argixao adinekoen egoitzako monitore eta psikologoa ere gustura ageri zen. «Bai artzainek eta bai guk urte gogor bat pasa dugu eta tunelaren bukaeran argia ikusten ari gara. Larsabi elkarteari esker, denok txertoa jaso dugula ospatu ahal izan dugu. Egoiliarrentzat oso ekintza berezia izan da. Berria. Aurreko egunetan artzaintzaren gaia landu dugu eta gaur artzainekin elkartu eta arkumea jan dugu».
Oñatin antzeko festa egin zuten atzo eta gaur Zumaiako Otezuri egoitzan eta Urretxuko Santa Barbara eguneko zentroan egingo dute. Zumarragan bezala, artzaintzarekin zerikusia duten ekintzak egingo dituzte eta ondoren arkume gisatua jango dute.