Antzizar, bere laranja koloreko zapatekin
Antzizar kiroldegiko kantxaren zorua berritu dute. BKLko jokalariek estreinatu dute dagoeneko, eta aldea nabaria dela diote. Klubetik eskerrak eman dizkiote udalari, «behar zen» aldaketa egiteagatik.
Antzizargo jokalekua dotore gelditu da zoru berriarekin. Egurrezkoa da, parketa. Saskibaloi kantxaren inguruan, BKLren laranja kolore biziko eraztuna du. Eta erdiko biribilgunean, Beasaingo armarria.
Jose Mari Arrospide BKLko lehendakariak zoruaren maila «harrigarria» dela deskribatu du. Leire Artola alkateak zehaztu du «goi mailako» zorua dela, «errendimendu handikoa». Jokalariak oso gustura daude: oraldi handiagoa duela aipatu dute, gutxiago irristatzen duela, eta moteltzea nabarmen hobea duela. Udaleko eta zuzendaritzako kideek lesioak gutxitzea espero dutela azpimarratu dute, artikulazioetako bihurrituen kasuan bereziki.
Saskiak ere berriak dira. Denera, zortzi daude, lau pistetan: arauzko jokaleku bat eta minibasketeko hiru, zeharka. Areto futbolean eta eskubaloian aritzeko tamaina ezberdinetako beste lau jokaleku ere margotu dituzte. Ateak ere berriak dira. Behar ez direnean paretan eskegitzen dira, enbarazu egin ez dezaten.
Elena Ruiz zinegotziak azpimarratu du kirol anitzetarako ikuspegiarekin egindako obra dela. Are gehiago, kirol federatuaz gain, eskola kirola eta gorputz hezkuntzako klaseak bertan egingo dira. Kiroldegiko erabiltzaileek ere jokalekua erreserbatu dezakete.
Ruizek pena bakarra du, ezin izan dutela behar bezala estreinatu. Kirol ekitaldietan publikorik ezin denez egon, BKLren partidetan harmailak hutsik egon dira. Ikusleekin jokalekua are harrigarriagoa bilakatuko da, mailarik gorenenekoa.