Bulgariako Burgas hirirako Irizar ie busak
Irizar e-mobilityk Burgas Bus enpresari 44 autobus hornituko dizkio. Lehenengo autobusak irailean entregatzea aurreikusi dute.
Irizar e-mobilityk 44 autobus hornituko ditu Bulgariako Burgas hirirako, 100% elektrikoak eta zero igorpenekoak. Burgas Bus enpresarekin egin du lan proiektuan Irizar e-mobilityk, hau da, Bulgariako garraio publikoko operadorearekin, eta enpresa hori arduratuko da kudeaketaz. Lehenengo autobusak irailean entregatzea aurreikusi dute.
Ie bus eta Irizar ie tram autobusaren ezaugarri estetikoak konbinatu dituzte Bulgariarako 44 autobusak sortzeko: “Hala, autobusaren espazioaren argitasuna maximizatzen duen ibilgailu misto bat sortu dute”, adierazi du Irizar e-mobilityk hedabideetara helarazitako ohar baten bidez. Bi luzerako autobusak dira: 12 metroko 34 autobus eta 18 metroko 10 autobus.
Bulgariako 4. hiririk handiena da Burgas, eta hiri horretako lehen elektromugikortasun proiektua da: “Autobus flota elektrifikatzeko egiten ari den apustu indartsuak aurrerapen handia ekarriko dio hiriari”, gehitu dute oharrean.