Lazkaoko 19 eta 59 urte arteko 3.238 herritar deitu ditu Osasun Sailak baheketara
Koronabirusaren intzidentzia handia heda ez dadin, 19 eta 59 urte bitarteko lazkaotarrei PCR proba egingo diete. Kiroldegian da baheketa, gaur eta bihar, 15:00etatik 20:00etara.
Osasun Sailak Lazkaon ere baheketa orokorra egitea erabaki du. Aste honetan Goierriko bigarrena izango da, astelehenean Ataunen egin baitzuen. Lazkaoren kasuan, 19 eta 59 urte bitarteko herritarrentzat zuzendu du deialdia. PCR probak gaur eta bihar arratsaldeetan egingo dizkiete Osakidetzako erizainek eta teknikariei lazkaotarrei.
Barandiaran kiroldegian atonduko dute baheketarako tokia. Udal langileak sarrera-irteerak egokitzen, seinaleak ipintzen eta ingurua txukuntzen aritu ziren atzo. Osakidetzak gaur goizean instalatuko ditu beharrezko ekipo informatikoak eta azpiegiturak, bazkal ondoan hasteko.
Guztira, 19-59 urte tartean 3.238 lazkaotar daude erroldatuta, eta horiek izango dute aukera COVID-19 koronabirusa hartuta dauden ala ez jakiteko.
Txanda hartu behar da
PCR probak gaur eta bihar, 15:00etatik 20:00etara egingo dituzte. Herritarrek aurrez ordua hartu behar dute, Lazkaoko Osasun Zentrora hots eginda: 943 80 55 60. Probak balioztatutakoan, emaitza bakoitzak bere sakelako telefonoan eta SMS mezu baten bidez jasoko du, COVID-19arekin positibo ala negatibo eman duen adierazita.
Koronabirusaren ohiko sintomak dituzten herritarrei, beren aldetik, etxean isolatuta geratzeko eta osasun zentrora deitzeko eskatu die Osakidetzak. Sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasa hartzeko zailtasuna eta usaimena galtzea dira sintoma horiek.
Lazkaok 1.296,16ko intzidentzia-tasa metatua zeukan atzo, eguneko txosten epidemiologikoaren arabera. Herenegun bi positibo kasu gehiago zenbatu ziren herrian; azkeneko zazpi egunetan, 32 kasu pilatu dira. Lazkao, intzidentzia oso altua adierazten duen eremu gorrian dago, Beasain (805,93) eta Ordizia (724,93) albo-herriak bezala.
Ataungo daturik ez du atera oraingoz Osasun Sailak
Baheketa orokorraren eraginkortasuna eta emaitzen nolakotasuna jakin gabe zeuden atzo Ataunen. Osasun Sailak eta Osakidetzak ez dute oraindik asteleheneko baheketaren guztizko emaitzarik atera. PCRproba egin zuten herritarrak banan-banan ari dira mezuen bidez jasotzen. Positibo bakarra zegoen baieztatuta atzo, eta beste ehunka batzuk, denak negatibo.
Ez dirudi baheketan aparteko positibo kasu atzemate handia izango denik. Hala eta guztiz, Ataungo Udalak Osasun Sailari bi eskaera egin dizkio: baheketan atera litezkeen positiboen guztizko kopurua emateko, eta horietatik ataundarrak zenbat diren zehazteko. Izan ere, herriz kanpokoek ere egin dute, hiru tabernatako erabiltzaileei zuzendua baitzen deia. Datu horiek jakinaraziko dituela hitz eman du Osasunak.