'Ondo ibili ondo izan'ek, bideari ekingo dio
Izen ematea irekita dago. Apirilaren 15ean hasiko dira, talde txikietan banatuta
Ondo ibili ondo izan ekimena apirilaren 15ean hasiko da berriz ere, pandemiak eragindako geldialdiaren ondoren. Leire Artola alkateak esan du erabiltzailek hala eskatuta hartutako erabakia dela, hasteko gogotsu daudelako. Baina berme guztiekin egiteko, seikotetan banatuko dira aurten. Taldeak bakoitzaren patologien arabera antolatuko dira.
Lanak errazteko, aurrez izena eman beharra dago. Epea jada zabalik dago. Antzizar Kiroldegian eman behar da izena, 943 887 900 telefonora deituta edo bertaratuz. Izena emanda egotea derrigorrezkoa izango da txangoetan parte hartzeko.
Deialdia adineko beasaindar guztiei zabalik dago. Aurtengoan ere, Beasaingo osasun etxeak, Asmubek, Aranealdek, Nagusilanek eta Aita Menni zentroek emango diote bultzada. Esan, azken hauek oraindik ez direla hasiko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren protokoloetan ez direlako halako jarduerak baimentzen. Ostegunero elkartuko dira, Gernika pasealekuko frontoiaren ondoan.
Ion Iturbe kiroldegiko teknikariak azpimarratu du ekimenari esker askok bizitza sedentarioa alboratuko dutela. Ariketa fisikoak onura asko ekartzen dizkio osasunari arlo guztietan eta batez ere gaixotasunak prebenitzeko garaian. Gainera, indarra eta giharretako erresistentzia hobetu eta artikulazioak gazte mantentzen ditu, oreka hobetu eta erorikoen arriskua gutxitzen du, loaren kalitatea eta humorea hobetzen ditu eta tentsioak askatzen laguntzen du. Are gehiago, sozializaziorako eremuak ere badira. Bertan elkartzen dira elkarte askotako kideak eta harremanak eraikitzeko bidea ere bada.