Ordiziak badu hotela
Eñaut Gereñu izango da Hotel Ordiziaren kudeatzailea. Hainbat erakunderen babesa jaso du proiektuak, gaurko irekiera ekitaldian. Publikoarentzat martxoaren 31tik aurrera egongo da zabalik.
Hainbat hilabetetako lanen eta prestakuntzaren ondoren, gaur egin dute Hotel Ordizia irekitzeko ekitaldia. Inaugurazioan, Ordiziako Udalaren, Goiturren, Basquetourren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa izan dute, besteak beste. Eñaut Gereñu hotelaren kudeatzaileak lan talde sendoa izango du alboan; eta proiektua «balio sendoen gainean eraikia» izan dela nabarmendu du: «Iraunkortasuna, ‘0 km’, eta tokiko garapen ekonomikoa eta turistikoa sustatzea da helburua».
Azpiegiturei dagokienez, Ordiziako herrigunetik urrats batera aurkitzen da. Zazpi solairu ditu, 28 logela eta jendeari irekita egongo den kafetegia eta jatetxea ditu. Horretaz gain, azkeneko solairuan, bista ikusgarriak dituen terraza eta xede anitzetako gela bat ere badute terrazara ematen duena.
Publikoarentzat martxoaren 31tik aurrera egongo da zabalik.