Ostalariek lanaldia gauerdira arte luzatzeko eskatu dute
Gutxieneko lan baldintzak berreskuratzeko garaia iritsi dela diote. Kutsaketak jokabidearen baitan daudela esan dute, eta ostalaritzan "ardura handiz" ari direla lanean

Gipuzkoako ostalariek gutxieneko lan baldintzak berreskuratzeko garaia iritsi dela aldarrikatu dute Igartzako jauregian. Besteak beste, lanaldia gauerdira arte luzatzeko eskatu dute, “diru sarrera gehiago lortzeko eta jendea lanpostuetan mantendu ahal izateko helburuarekin”. “Bada garaia”, diote, “murrizketa hauekin hilda baikaude”.
Egungo baldintzekin ez daude konforme: “Beste sektoreetako zein enpresei jarri zaizkie murrizketak edukiera aldetik kutsatzeak ekiditeko? Beste sektore batzuetako zein enpresak murriztu du jarduera burutzeko ordutegia?”. “Kondenatuta” sentitzen dira. “Gizartean gertatu diren kutsatzeen ardura eta errua gurea izan dela diote, nahiz eta datuek erakutsi hori ez dela horrela. Ostalaritza itxita egonda kasuek gora egin dute; eta epaileak irekitzeko aukera eman ondoren ikusi da kasuak nola gutxitu diren”. Beasainen, esaterako, hilabete baino gehiago egin zuten intzidentzia tasa 500 kasuetatik jaitsi ezinik tabernak itxita egon arren.
“Kutsatzeak pertsonek hartzen ditugun jokabide eta neurriekin lotura zuzena dute. Kontuan hartu behar da ostalaritza sektorea ardura handiz lan egiten ari dela”, esan dute. Botiloiaren adibidea aipatu dute. “Arazoa izaten ari da. Soluzioa ez al litzateke izango ordutegiak luzatu eta jendea gure lokaletan kontrolpean izatea?”. Eskaera “arrazoizkoa” dela uste dute.
Urtebete daramate bete-betean lan egin ezinik. “Askok” negozioa betirako itxi egin behar izan duela salatu dute, eta langile “asko” izan direla kaleratuak edo ABEEra bidaliak, “oso baldintza kaxkarretan”. Lan egin beharra daukagu dioen kartela eskegi dute prentsaurrekoan, egoera bideratzeko beste erremediorik ez dagoelako. Lana egitea eta laguntzak jasotzea. Oraindik ezer ez dutela jaso salatu dute, beste behin. “Garrantzitsua da kontuan hartzea sektore honi lan egitea debekatu zaiola. Beraz, erabaki hori hartu zuenak konpentsatu behar du”. “Ulertzen dugu osasunak lehentasuna duela, baina diru sarrerarik gabe gelditu diren milaka familien ongizatea ere babestu behar dugu”.
Urkulluri, galdera
Iñigo Urkullu lehendakariari galdera zuzena egin diote Igartza jauregitik: “konponbidearen edo arazoaren parte zara?”. Kontraesanetan erortzea leporatu diote. “Deigarria da duela urtebete Urkullu izan zela Madrilgo gobernuan itxialdiaren erabakia kritikatu zuen, ekonomia ezin zela eta ez zela gelditu behar aldarrikatuz. Baina orain bera da Euskal Herrian milaka enplegu sortzen dituen sektore baten aurka dabilena”.
LABIaren aurka ere egin dute. “Hartutako neurri asko ez ditugu ulertzen”. Kexu dira zuritik beltzerako erabakiak hartzen dituztela, ez erdibidekoak, eta ondorioak eurek ordaintzen dituztela. “Egun batean ezin dugu gure herritik irten eta hurrengoan Euskal Herri osora mugi gaitezke. Eta astebete geroago ohiko diskurtsoarekin itzultzen dira: ‘Kasu kopurua berriro igotzen ari da eta murrizketetan pentsatu behar dugu'”. Esan, Euskal Herriko hiru eremu administratiboen artean mugitzerik ez dagoela.