Enirio-Aralar Mankomunitateak aurrekontua onartu du
Bederatzi aldeko bozka eta bost abstentzio jaso zituen aurrekontuak. 15 udalerriek egiten duten ekarpena hirukoiztu egingo da, lehen aldiz inbertsioetara bideratzeko
Asteazken arratsaldean mankomunitateko zuzendaritza batzarra bildu zen 2021 urterako aurrekontua onartzeko, besteak beste, eta atzo, osteguna, bilkuran hartutako erabakien berri eman zuten prentsaurrean Adur Ezenarro mankomunitateko lehendakariak, Zelai Amenabarro Legorretako alkateak, Iñaki Amundarain Amezketako ordezkariak eta Naiara Munduate Ataungo udaleko ordezkariak. Bide batez, maiatzaren 1ean egin ohi den Aralarko larreen irekiera festarik egingo ez dela aurreratu zuten.
Ezenarrok agertu zuenez, «historikoki Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntzen bitartez finantzatu ahal izan dira inbertsioak Enirio-Aralarren, %100ean, baina, iazko murrizketen ondorioz, GFAk 2011tik indarrean zegoen hitzarmenaren bitartez lortzen zen finantzabide hori aldatu eta aurrerantzean inbertsioak Goilarre programaren bitartez kofinantzazio bide burutuko direla erabaki ostean, udalek inbertsioetarako ekarpenak egitea erabaki dugu abeltzaintza azpiegiturak hobetzeko 200.000 euroko inbertsio plana mantendu ahal izateko».
Horrez gain, Ezenarrok azaldu zuen, 2021 urterako aurrekontua onartu zutela, 308.672,28 eurokoa, eta berari lotutako inbertsioen hasierako proposamena ere, 200.000 eurokoa. Batzarrean, mankomunitateko 15 ordezkarietatik, 14 izan ziren Altzagakoa ez zen egon. Proiektuak bederatzi aldeko bozka (Ordizia, Legorreta, Itsasondo, Ataun, Amezketa, Zaldibia, Orendain, Baliarrain eta Ikaztegieta) eta bost abstentzio (Arama. Gaintza, Lazkao, Beasain eta Abaltzisketa) jaso zituen.
Gainera, Ezenarrok nabarmendu zuen, Enirio-Aralar Mankomunitatea osatzen duten 15 udalerriek egingo duten ekarpena handituko dela: «Aurrekontu hauen ezaugarri nagusia da udalek ekarpena hirukoiztu dugula. Horrela lehenengo aldiz, inbertsioen zati bat udalek finantzatuko dute 57.142,86 euroko ekarpenarekin, hain zuzen ere». Erabaki hori hartzeko, «aldundiak 2020ko murrizketen baitan proposatutako kofinantziazio eredu berria orekatzea eta Enirio Aralarko abeltzaintza azpiegituren inbertsioak bermatzeko helburua izan dugu». Hala, eta esan zutenez, hainbat txaboletan hobekuntza lanak egingo dituzte.
Gipuzkoako Foru Aldundiak erabakitako finantziazio eredu aldaketa onartuta, Ezenarrok argitu zuen «orain aldundiarekin hitzartu behar da kofinantziazio sistema berriaren kudeaketa nola izango den, berrikuntza baita, eta espero dugu, aldundiak aurreratutako proportzioetan kofinantziazio konpromisoei eustea».
Lehendakariak hala arrazoitu du, «lehen sektoreak orokorrean, eta Mankomunitateak, akordio zabal eta iraunkorrak behar ditu, eta gure borondatea elkarlanaren aldekoa da». Gauzak horrela, «orain aldundiarekin kofinantziazio eredu berri honetan kudeaketa arau berriak finkatuko dituen hitzarmen berria egitea geratzen da».
Webgune berria
Enirio-Aralar Mankomunitateak webgune berria estreinatu du. Bertan kudeaketaren inguruko informazioa, eta beste hainbat gauza aurkituko ditu erabiltzaileak.