Gabiriako Osinalde bertso saria zuzenean emango du Goierri Telebistak bihar
Gabirian bihar arratsaldean jokatuko da 49. Osinalde Bertsolari Sariketa, 17:00etan hasita. Sei bertsolari gazte ariko dira hiru saiotatik sailkatuta: Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Urko Arregi oñatiarra Legazpiko Aztiri saritik, Ane Zuazubiskara arrasatearra eta Xabat Illarregi leitzarra Zaldibiako Osinberdetik, eta Ibai Amillategi gernikarra eta Unai Izagirre azkoitiarra Ordiziako Argi-Berritik.
Gabirian bihar arratsaldean jokatuko da 49. Osinalde Bertsolari Sariketa, 17:00etan hasita. Pandemiako neurrien ondorioz, eta elkarteak itxita daudenez, Andre Mari elizan izango da saioa, aurreneko aldiz. Edukiera murriztua 80 lagunekoa da, eta sarrerak agortuta daude.
Hala eta guztiz ere, bertsolarien sariketa zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera emango du Goierri Telebistak. Interneteko webgunean (gitb.eus) zuzenean emango du, streaming bidez.
Ondoren, datorren asteartean 22:00etan, telebistan emitituko dute Osinalde sariari buruzko saio berezia. Aste honetan, berriz, Aztiri, Osinberde eta Argi-Berri saioak ari da ematen.
Hain justu, hiru sailkatze saio horietatik sartutako bina bertsolarik kantatuko dute, bihar, Osinalde sarian: Aroa Arrizubieta gasteiztarra eta Urko Arregi oñatiarra Legazpiko Aztiri saritik, Ane Zuazubiskara arrasatearra eta Xabat Illarregi leitzarra Zaldibiako Osinberdetik, eta Ibai Amillategi gernikarra eta Unai Izagirre azkoitiarra Ordiziako Argi-Berritik.
Aurkezle Jokin Murua izango da, eta epaile Eresti Oiarbide, Asier Iriondo, Endika Igarztabal, Gorka Maiz eta Lurdes Murua.
Zuazubiskar eta Amillategi 2019ko Osinaldeko finalean ere izan ziren. Entzuleen saria eta bertso onenaren saria lortu zituzten, hurrenez hurren. Joanes Illarregi izan zen orduan garailea, eta gaur egun indarrean dagoena iaz ez zen jokatu, bihar kantatuko duen Xabaten anaia.
Udaberri Kulturala hasi
Gabiriako Udalak atzo zabaldu zuen, bere aldetik, Udaberri Kulturala egitaraua. Osinalde sariketa izango da lehenbiziko ekitaldia, bihar. Maiatzaren 29ra arte, guztira bederatzi ekitaldi eta Zeasma sorkuntza-lehiaketa izango dira.
Apirilerako, Aberri Eguna ospatzeaz gain, Erradikalak ginen atzerki emanaldia, eta Lemniskataren Goierriko intsektuei buruzko erakusketa eta Iñaki Mezkitaren hitzaldia iragarri dituzte.