Igartubeitin eta Zumalakarregin sormena eta ingurumena oinarri Aste Santuan
Igartubeiti Baserri Museoak eta Zumalakarregi Museoak natur eta kultur jarduerak eskainiko dituzte Aste Santuan. Bisita komentatuak, ibilaldiak eta jolasak izango dira
Ezkio-Itsasoko Igartubeiti Baserri Museoak eta Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak Aste Santuko jaiegunetan egiteko hainbat jarduera proposatu dituzte. Ekintza guztiek sormena, jolasa edota ingurumena izango dute ardatz. Zenbaitetarako aldez aurretik izena eman behar dute interesa dutenek, aforoa mugatua izango delako.
Igartubeiti Baserri Museoko jarduerak familiei bideratutakoak izango dira, barkarka edo sei laguneko taldetan egitekoak, eta kanpoan eta baserri inguruan egin daitezkeen jarduerak izango direnez, baserriaz gain ingurune naturala ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek.
Batetik, bakoitzak bere aldetik eta baserriaren inguruan, baratzean eta sagarrondoetan egiteko, ginkana bat prestatuko dute, Martintxoren freskagarririk gustokoena izenekoa. 30-45 minutuko iraupena eta familia bakoitzeko 2 euroko kostua izango du. Museoa bisitatzen dutenentzat, halere, doakoa izango da. Jarduera horretarako ez da beharrezkoa izena ematea. Jolasekin jarraituz, baserriko guneak zeharkatzen dituen joku baten bidez baserriaz gozatzeko aukera izango da.
Bisita komentatuak ere eskainiko dituzte. Horietarako izena museora deituta edo idatzita eman behar da. Aste Santurako azken proposamena Pirinioetako hainbat pertsonaia mitologiko aztertzen dituen Pirinioetako mitoak eta kondairak aldi baterako erakusketa da. Igartubeitiko jarduerak «esperientzia sortzaile eta jasangarriak» izango direla azaldu du museoak prentsa ohar baten bidez.
Orientazio jokoa
Zumalakarregi Museoak ere aire zabalean egin daitezkeen ekintzekin osatu du eskaintza, eta «historian zehar bidaiatu eta Goierriko naturaz gozatzea» helburu izango dituen hiru jarduera proposatu ditu. Batetik, familiei zuzendutako Eliot jolasa. Asmakizun eta galderen bidez museoa modu autonomoan ikusteko aukera izango dute bisitariek. Bestetik, bisita komentatuak eskainiko dituzte, 12:30ean euskaraz, eta 17:00etan euskaraz edo gazteleraz, taldearen arabera. Azkenik, orientazio jolas batekin naturaz gozatzeko aukera eskainiko dute, museoan Bide Berdearen mapa eta jolaserako zirkularra jasota.
Aurrez eman behar dute hiru ekintza horietarako izena interesdunek, Zumalakarregi museko zenbakira deitu edo helbide elektronikora idatzita.