Goierriko bederatzi herri itxiko dituzte astelehenetik aurrera
Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxuz gain, itxialdia herri txikiagoetan ere ezarriko dute. Ataun, Idiazabal, Olaberria, Zaldibia eta Zegama ere sartu dira zerrenda horretan.
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezustekoa eman du gaur, itxialdia ezarriko zaien herrien zerrendan, 5.000 biztanletik beherako herriak ere sartuta. Gipuzkoan 9 herri itxiko dituzte, eta denak Goierriko herriak dira. Astelehenetik aurrera, bertako biztanleek ezingo dute herri horietatik atera, ez eta kanpokoek bertara sartu ere. Soilik aldameneko herrira joan ahal izango dute aktibitate fisikoa edo erosketak egitera. Tabernek ere, barrualdeak itxi egin beharko dituzte, eta gosaltzeko eta bazkaltzeko bakarrik sartu ahal izango da, hiruna orduko tarteetan.
Herririk hazienei dagokionean, Beasain, Lazkao, Ordizia eta Urretxu dira neurri horiek bete beharko dituztenak. Horiekin batera, 5.000 biztanletik beherako beste bost herri ere sartu dituzte zerrenda horretan: Ataun, Idiazabal, Olaberria, Zaldibia eta Zegama.
Osasun Sailak ez ditu datu horiek berrikusiko datozen egunetan, eta horrenbestez, gaur itxitako herriek horrela jarraitu beharko dute apirilaren 6ko berrikuspenera arte.
Hauek dira herri horietako bakoitzaren eragin-tasak:
UDALERRIA | Eragin-tasa |
Ataun | 1659,99 |
Beasain | 841,59 |
Idiazabal | 420,17 |
Lazkao | 1047,59 |
Olaberria | 1090,51 |
Ordizia | 953,33 |
Urretxu | 453,95 |
Zaldibia | 1869,72 |
Zegama | 1715,15 |