Segurako orientazio ibilbide iraunkorra estreinatu dute
Ehun lagundik gora elkartu dira Segurako orientazio ibilbidearen estreinaldirako antolatutako frogan
Seguran egindako orientazio ibilbidean kokatutako baliza bat // A.Garmendia Ehun lagundik gora elkartu dira gaur Seguran, Gipuzkoako Orientazio Taldeak, Segurako Udalaren eta Goiturren laguntzarekin diseinatutako ibilbidearen aurkezpenean. Gaurko proban soilik orientazioan edo mendian federatuta dauden 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izan duten arren, behin lehia bukatuta, herritarrentzat erabilgarri geratu da zirkuitua.
Gaur parte hartu dutenek, ibilbide laranja eta gorria egiteko aukera izan dute, baina Gipuzkoako Orientazio Taldeko (GOT) kidea den Ibon Goikoetxeak azaldu duenez, partaide gehienek gorrian eman dute izena: «Asko eta asko aspaldian orientazio frogarik egin gabe zeuden eta jendea gogotsu zegoela dirudi, orientazioa egiteko gogoz».
Froga amaitu eta gero, antolatzaileek plaka batzuk jarri dituzte Segurako herrian zehar ibilbide iraunkorra markatzeko asmoz, beraz, gaurtik aurrera edozeinek izango du ibilbidea osatzeko aukera mapa eskuratuz gero. Herritarrek ez dute gehiegi itxaron nahi izan, eta gaur bertan, froga amaitu ostean, orientazio ibilbide iraunkorra egin dute familiako txikienek ere.
Segurako ibilbide iraunkorraren barruan, hiru zailtasun mailako ibilbideak egongo dira erabilgarri: ibilbide horia, familian egiteko modukoa, ibilbide laranja, luzexeagoa eta ibilbide gorria, orientazio kirola ezagutzen dutenentza. Mapak eskuragai egongo dira GOTen webgunean, Segurako udaletxean, Ardixarra etxean, Imaz hotelean eta Ondarre nekazaritza etxean.













