Erreserbarekin, itxitako herrietara ere joan ahal izango dira turistak
Martxoaren 26a baino lehen egindako erreserbak onartuko dituzte eta establezimendu turistiko guztiak irekita egongo dira Goiturrek adierazi duenez
Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak hartutako azken erabakiak direla eta, apirilaren 7ra bitartean Goierriko hainbat herri itxi dituzte. Horren harira, Goitur Goierriko Turismo Agentziak ohar bat argitaratu du turismoari lotuta egon daitezkeen zalantzak argitzeko. Martxoaren 26a baino lehen egindako alojamendu erreserba izanez gero, turistek posible izango dute itxitako udalerrietara joatea.
Ataun, Beasain, Idiazabal, Lazkao, Olaberria, Ordizia, Urretxu, Zaldibia eta Zegama dira itxitako udalerriak. Bertako ostalaritzak eta zerbitzu turistikoek irekita jarraituko dute, baina herritarrak ezingo dira bertatik atera. Turistek, ordea, aukera izango dute herri horiek bisitatzeko martxoak 26 baino lehen erreserbatu badute ostatua.
Goierriko gainontzeko udalerriak irekita egongo dira, eta ostalaritza, alojamenduek eta zerbitzu turistiko guztiek irekita jarraituko dute. «Eguneko bisitariak irekita dauden udalerri horietara etorri ahal izango dira herria ezagutzera edo bertako zerbitzuez gozatzera, Goierri osoa ez dago konfinatuta», adierazi du Goiturrek hedabideetara helarazitako oharrean.
D’Elikatuzen eskaintza
Ordizia itxita egongo da, eta horrek bisitarien mugikortasuna baldintzatuko badu ere, D’Elikatuz Zentroak prest zuen eskaintza bere horretan uztea erabaki du. Hasteko, etzi, martxoak 31, 18:00etan, Lourdes Odriozola historialariak bisita gidatua eskainiko du, apirilera amaiera arte egongo den Emakume ekintzaileak sagardogintzan erakusketari hasiera emanez. Gainera, Ordiziaren jatorria ezagutzeko bisita gidatuak izango dira apirilaren 1ean, 10:30ean eta 12:00etan, eta apirilaren 10ean, 11:30ean eta 17:00etan.
Idiazabal Gazta, azoka eta gastronomiaren sekretuak ezagutzeko bisitak egunero eskainiko dituzte, 11:15ean, 12:30ean, 16:15ean eta 17:30ean. Bukatzeko, Ordiziako Azoka, iragana, oraina eta etorkizuna bisita gidatu berezia eskainiko dute asteazkenetan, etzi, martxoak 31, eta apirilaren 7an, 10:30ean.
Ekintza guztietarako aurrez izena ematea derrigorrezkoa izango da, D’Elikatuz Zentrora idatzita edo deituta.