Lazkaon eta Lazkaomendin aurten ere ez da festarik izango
Lazkaon "ohiko egunak" izango direla eta "herritarrei ohiko eran jokatzeko deia" luzatu diete.
Aurten ere, San Prudentzioak eta Lazkaomendiko jaiak ez dituztela ospatuko iragarri du Lazkaoko Kultura Batzordeak. Eragileen izenean, Kepa Zubiarrain alkateak hartu du hitza Lazkaoko Udalean egin duten agerraldi bateratuan: “Pena handiz, baina oraindik ez dugu bermerik ez ahalbiderik jaiak ohiko eran ospatzeko. COVID-19aren pandemia oraindik gurean da, azken asteotan kutsatze kopuru altuak ditugu gure herrian eta lurraldean, eta herritarren segurtasuna lehenetsi behar dugu. Prebentzio neurri nagusiena urruntze soziala da, eta horrek jai giroa ezin bultzatua dakar”.
Aho-batez hartutako erabakia izan dela adierazi du Zubiarrainek: “Hilabeteak daramatza Lazkaoko Kultura Batzordeak jaiei buruz hizketan. Argi geneukan ezinezkoa izango zela jaiak ohiko formatuan ospatzea, eta pandemiaren bilakaerak esan digu oraindik ez dela unea. Ohiko egunak izango dira Lazkaon, eta herritarrei ohiko eran jokatzeko deia luzatzen diegu”.